Itxi

Balantzea

Euskal Industria Planak 3.600 lanpostu sortzen lagundu zuen

agentziak | erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak uste du aurten 8.000 lanpostu zuzen sustatzen lagun dezakeela aurten.

Langilea lanean

Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Industria Planak sektorean 3.490 lanpostu sortzen eta 16.121 mantentzen lagundu du 3.627 proiekturen bitartez, erakundeak berak jakitera eman duenez.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak egin du balantzea Bilbao Exhibition Centren (BEC), sektorearekin lotutako bost azoka egiten ari baitira bertan.

Tapiak azpimarratu du egitasmoa "eraginkorra" izan dela, Jaurlaritzara iritsi zirenean aurkitu zuten "krisi gogorrari" aurre egiteko, eta aurten beste 8.000 lanpostu zuzen sortzea espero du.

Sailburuak adierazi duenez, oraindik enplegu berriak zenbatzeko aukerak daude 2014an hartutako neurrien ondorioz; izan ere, industriako lanpostu zuzen batek zerbitzuen sektorean "lauzpabost zeharkako enplegu" sortzen dituelako.

Tapiak esan du industriak "pisua galdu" duela euskal ekonomiaren krisian, % 28tik % 23,4ra jaitsi zelako 2014 amaieran.

Orain "igotzen hasteko" garaia dela eta 2015erako industria BPGren % 25era igotzea dela helburua zehaztu du.

Lau zutabe

Industria Plana lau zutaberen gainean oinarritzen da: zailtasunak dituzten enpresen berregituraketan laguntzea; sektorea bultzatzen duten proiektu estrategikoetan parte hartzea; industria egonkortzea ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren bitartez; eta industria eta energia testuinguru lehiakorra sortzen laguntzea.

2014ean 3.627 proiektu sustatu zituzten, tartean Fagor, Azkue altzariak, TS Fundizioak, Novacero eta San Eloy enpresetan.

Albisteak (3)