maiatzeko datuak
6.000 langabe gutxiago EAEn, eta 1.700 gutxiago Nafarroan
AGENTZIAk | ERREDAKZIOA
Estatuan, 117.985 pertsona gutxiago daude lan gabe. Inoiz maiatzean izandako jaitsiera handiena izan da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Orotara 5.934 pertsona gutxiago izan dira lan gabe maiatzean Euskadin, eta, ondorioz, langabezia tasa % 3,54 jaitsi da, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, Espainiako Gobernuko Enplegu Ministerioak jakinarazi duenez. Guztira, 161.507 pertsona daude lan barik EAEn.
Oro har sektore guztietan jaitsi da langabezia, baina bereziki zerbitzuen arloan. Horretan, 4.138 pertsona gutxiago daude lan gabe.
Iazko maiatzeko datuekin konparatuta, langabeen kopurua % 7,64 jaitsi da, hots, 13.360 pertsona.
Lurraldeka, Bizkaiak izan du jaitsiera handiena (% 3,97), 3.747 biztanle gutxiago baitaude langabezia zerbitzuetako zerrendetan. Hurrena Araba da, langabezia tasa % 3,01 jaitsi baita bertan (824 pertsona). Era berean, Gipuzkoan jaitsiera % 2,98koa izan da, hots, 1.362 pertsona gutxiago izan ditu langabezian.
Kontratuei dagokienez, maiatzean 71.476 sinatu dituzte, apirilean baino % 15,3 gehiago. Hala ere, kontratu mugagabeak % 1,02 jaitsi dira.
Bestalde, Nafarroan % 3,65 murriztu da langabezia tasa, apirilean baino 1.694 pertsona gutxiago baitaude lan gabe. Orotara, 44.676 nafar daude lan egin barik.
Iazko maiatzetik, langabeziak % 4,11 egin du behera (4.480 pertsona) foru erkidegoan.
Estatu osoko datuak kontuan hartuta, 117.985 pertsona gutxiago daude langabezian. 1996an datuak zenbatzen hasi zirenean izandako jaitsiera handiena izan da.
Jaurlaritza: "Enplegua bide onetik doa"
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako departamentuak esan duenez, enplegua bide onetik doala erakusten dute maiatzeko datuok. Azken hamar urteotan langabeziak izan duen jaitsierarik handiena izan duela nabarmendu dute.
Angel Toña sailburuak zuzentzen duen sailaren arabera, Lanbideren bulegoetan azken bi hilabeteotan jasotako datuak 2007ko datuen parekoak dira, gutxi gora behera, "euskal ekonomiaren susperraldiaren garaikoak".