Burtsa
Euskalteleko zuzendarien bonuak 'ezmoralak' direla salatu du ELAk
Agentziak | Erredakzioa
Konpainiako goi-zuzendariak “aberastu” egingo direla uste du sindikatu abertzaleak. Hori “eskandalu” bat dela salatu du. Bonuak “akzioetan berriro inbertitzea” eskatu du Eusko Jaurlaritzak.
Konpainia burtsan kotizatzen hasten denean Euskalteleko goi-zuzendariak “aberastu” egingo direla salatu du gaur ELA sindikatuak. Hori “eskandalua” eta “ezmorala” dela kritikatu du sindikatu abertzaleak.
Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabank bankuak “enpresako akzioen % 100 izan zituzten, baina orain % 70 inbertsio funtsen esku geratuko dira”, ELAk adierazi duenez. Hori zergatik gertatu den azaltzeko eskatu die sindikatuak bankuari eta Exekutiboari. Inbertsio funtsek “espekulazioa eta epe laburrera etekina handitzea soilik helburu” dituztela salatu du ELAk.
“Ondare publikoa oparitzea nork erabaki zuen eta zergatik?” jakitea eskatu du ELAk gaur agiri batean. “Nork eta zergatik altxorra merke saltzea erabaki du?”, galdetu du sindikatuak.
ELAren hitzetan, pribatizazio prozesua “arbuiagarria” da, eta baita “zuzendaritzako hamar pertsonek 40 milioi euro baino gehiagoko ‘opari’ bat eramatea ere. Ezmorala da”. “Kargu horiek aberasteko erabiltzea ez-legitimoa eta ezmorala da”, gaineratu du.
Bonuak akzioetan berriro inbertitzea eskatu du Jaurlaritzak
Zentzu horretan, bonuek Exekutiboak defendatzen duen euskal enpresa ereduarekin “talka” egiten dutela adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Pizgarri sistema hori enpresa pribatu baten Administrazio-kontseiluak adostu duela gogorarazi du Erkorekak. Burtsan kotizatu edo inbertsio funtsen parte-hartzea duten konpainietan ohikoa dela azpimarratu du Exekutiboko bozeramaileak.
Hala ere, “Eusko Jaurlaritzak defendatzen duen euskal enpresa ereduarekin talka” egiten duela esan du Erkorekak. Bonuak “konpainiako akzioetan berriz inbertitzea” eskatu du bozeramaileak, “enpresaren errotzea sendotzeko”.
ea sendotzeko”.