Burtsan
9,50 euroan finkatu du Euskaltelek bere akzioen prezioa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horrek konpainiari 1.202 milioi euroko balioa emango dio. Guztira 80,4 milioi akzio jarriko dituzte salgai akziodunek (Kutxabank, Iberdrola eta International Cable enpresek).
Euskaltelek 9,50 euroan salduko ditu bere akzioak burtsan, asteazkenetik aurrera. Horrek 1.202 milioi euroko balioa emango dio telekomunikazio operadoreari.
Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalak agiri baten bidez jakitera eman duenez, behin betiko prezioa hori izango da; ezarritako adierazleen (8,7 eta 11,05 euro) batez bestekoa da ezarri den prezioa.
Konpainiak jakitera eman duenez, behin akzioen prezioa finkatuta, pizgarri planen likidazioaren bidez zuzendariei bideratu zaien diru kopuru gordina 41 milioi eurokoa da.
Guztira 80,4 milioi akzio jarriko dituzte salgai akziodunek (Kutxabank, Iberdrola eta International Cable enpresek); enpresaren % 63,55, hain zuzen ere. Kutxabankek murriztu egingo du Euskaltelen duen parte-hartzea (% 49,9tik % 30,10era) eta beste bi bazkideek akzio guztiak salduko dituzte.