Langabezia
6.367 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean EAEn eta Nafarroan
Agentziak | Erredakzioa
Lurraldeka, Nafarroan jaitsi da gehien (ia % 4); ondoren, Gipuzkoan (% 2,87); gero, Bizkaian (% 2,86) eta Araban, azkenik, % 2,76.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan 6.367 langabe gutxiago zenbatu dira ekainean, aurreko hilabetearekin alderatuta, Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak emandako datuen arabera.
Gehien, Nafarroan jaitsi da langabezia (% 3,95 gutxiago), EAE osoan % 2,85 izan da jaitsiera. Hori horrela, 199.816 lagun daude bi erkidegoetan lan barik.
2014ko ekainarekin alderatuta, % 6,47 jaitsi da langabezia tasa EAEn, 10.859 lagunek lana lortu baitute. Nafarroan, % 8,91 jaitsi da langabezia tasa, iazko hilabete berarekin erkatuta.
Lurraldeka, Nafarroan jaitsi da gehien (ia % 4, 1.765 langabe gutxiago); ondoren, Gipuzkoan (% 2,87, 1.275 lagun gutxiago); gero, Bizkaian (% 2,86, 2.594 langabe gutxiago) eta Araban, azkenik, % 2,76 (733 lagunek lana topatu dute ekainean).
Espainiako Estatuan, langabeen kopuruak ere behera egin du, bosgarren hilabetez jarraian. Ekainean 94.727 lagunek lana lortu dute ekainean. Dena dela, oraindik ere 4.120.304 pertsona daude behar gabe. 2014ko ekainarekin alderatuta, orduan baino 329.397 langabe gutxiago dago egun (% 7,4 jaitsi da langabezia tasa).
Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroaren iritziz, datuok agerian utzi dute susperraldi ekonomiak enpleguan isla "arin eta intentsua" duela. "Langabeek inoiz baino itxaropen eta konfiantza gehiago dute", agertu du.
Eusko Jaurlaritzaren erreakzioa
Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua zuhurrago agertu da. Haren esanetan, gaur ezagutu diren ekaineko datuek "enplegua bere onera etortzearen bidea egonkortzen hasi dela azaltzen dute, behintzat kopuruari dagokionez". Izan ere, nabarmendu duenez, "lanaldi partzialeko kontratuen kopuruak eta kontratazio batzuen iraupenak larregizkoak izaten jarraitzen dute".
Ohar batean adierazi duenez, oso ohikoa da urtearen bigarren hiruhilekoan langabezia tasa hobetzea eta bukatu berri dena "bereziki positiboa" izan da, iazko datuarekin alderatuta, % 8,5 jaitsi baita.