Elkarrizketa, Radio Euskadin
Negoziazio kolektiboak 'porrot' egin duela aitortu du Confebaskek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bere agintaldiko "puntu beltza" negoziazio kolektiboa "guztiz blokeatuta" egotea dela aitortu du Miguel Angel Lujua presidenteak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak aitortu egin du negoziazio kolektiboak "porrot" egin duela, eta patronalak "erantzukizunaren zati bat" onartzen duela. Porrota "denona" dela ohartarazi du.
Lujuak bere agintaldiaren balantzea egin du Radio Euskadin, hilabete amaieran kargua utziko baitu. Horren ildotik, Presidentetzara heldu zenean ETA aktibo zegoela eta krisi ekonomikoa oso sakona zela gogorarazi du.
Uztailaren 20an kargua uzten duenean, baina, "bake-prozesua guztiz errotuta dago eta ez du atzera bueltarik". Gainera, "ekonomiaren ikuspuntutik, etorkizuna itxaropentsua da".
Aitzitik, agintaldiko "puntu beltza" negoziazio kolektiboa "guztiz blokeatuta" egotea dela aitortu du. "Confebask ez dago eroso blokeo testuinguru horretan, pertsonentzat kaltegarri baita", esan du, eta hurrengo presidenteari laguntza eskaini diola gaineratu du, "borondateak batzeko".
Bestalde, Espainian egindako erreformak "mingarriak" badira ere, "egokiak" izan direla adierazi du, baina "oraindik asko dago egiteko", horren esanetan, eta energia, zerga eta hezkuntza alorrak eta lan-kostuak aipatu ditu hobetu beharrekoen artean.
Halaber, Espainiako Konstituzioa erreformatzearen alde agertu da, erkidegoen finantziazioaren esparruan batik bat. Nolanahi ere, EAEko Kontzertu Ekonomikoa babestu beharra dagoela iritzi dio, "funtzionatu" egiten baitu. "Euskal ekonomiaren motorra izan da, eta alderdi guztiek defendatu beharko lukete", nabarmendu du.