Brusela
Akordiorik gabe amaitu du bilera Eurotaldeak
agentziak | Erredakzioa
Goizeko hamaiketan bilduko dira berriz ere Euroguneko ministroak. Herrialdeen arteko desadostasuna argia da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek akordiorik gabe amaitu dute Greziak eskatutako hirugarren erreskatearen inguruko bilera.
“Eurotaldearen bilera amaitu da. Bihar jarraituko du”, iragarri du Twitter bidez Alexaner Stubb Finlandiako Finantza ministroak.
Gaur goizeko hamaiketan berrekingo dute bilera, Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak jakitera eman duenez.
“Oraindik oso zaila da, baina lanak aurrera doaz”, gaineratu du Dijsselbloemek. Greziak egindako proposamenaren inguruan ministroek sakon eztabaidatu dutela azpimarratu du.
“Sinesgarritasunaren eta konfiantzaren arazoa eztabaidatu da, baita horri lotutako finantza gaiak ere, baina ez dugu amaitu eta bihar jarraituko dugu”, esan du Holandako ministroak.
Ministroen bilerari Euroguneko Estatu buruek eta Gobernu buruek hartuko diete lekukoa arratsaldean. Greziak aste honetan egindako proposamena aztertzeko ezohiko goi-bilera arratsaldeko lauetan hasiko dira.
Desadostasuna
Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroak dokumentu bat prestatzen ari dira Alexis Tsiprasen Gobernuari neurri gehigarri berriak hartzea eskatzeko hirugarren erreskatearen truke. Dena den, herrialde ezberdinen arteko desadostasuna dela eta, litekeena da erabakia gaur Bruselan elkartuko diren euroguneko estatuburuen eta gobernuburuen esku gelditzea.
Eurotaldearen baitan bi bloke daude: nukleo gogorra osatzen duten Alemania, Finlandia eta Eslovakia eta jarrera malguagoa erakutsi duten Frantzia, Italia, Espainia eta Herbehereak.
Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroak Bruselan elkartu ziren atzo, Syrizaren Gobernuak erreformen eta murrizketen inguruan egindako proposamena aztertzeko, datozen hiru urtetara begira.
Aurreko ostegunean helarazi zuen Atenasek proposamen berria eta, horren arabera, erreformak egingo dituzte zerga arloan eta pentsio sisteman, troika (Europako Banku Zentrala, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Batzordea) osatzen duten erakundeek eskatu bezala.
Agintari greziarren gutunean, halaber, zorraren berregituraketa aipatzen dute, orain arte zordunen artean kontrako iritziak topatu dituena, baina negoziazioaren elementu “garrantzitsu” bilakatu da.
Hirugarren erreskatea onartzen ote duten erabaki aurretik, Eurotaldearen ministroek Greziari “zubi” laguntza ematen dioten ebatzi beharko dute, EBZri zor dizkion 3.5000 milioi euro ordaindu ahala izateko, erreskatea ez bailitzateke garaiz helduko.
Eurotaldearen helburua da proposamenak aztertzea, lehenengo maila teknikoan eta gero politikoan, eta baita Bruselaren eta EBZaren ebaluaketak ere.
Egindako aurreikuspenen arabera, Greziako banku sistemak 14.000 milioi euro beharko ditu birkapitalizatzeko.