Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Cebekek Roberto Larrañaga Confebaskeko presidente gisa aintzatesten du

Agentziak | Erredakzioa

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak, Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean, adierazi du Larrañagaren hautaketan abstenitu izana lau urtetan zehar SEAk egindako leialtasun ezen ondorioa dela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñaki Garcinuñok (Cebek) gaur azaldu duenez, berak zuzentzen duen Bizkaiko enpresa-erakundea joan zen astean Roberto Larrañaga arabarra Confebaskeko presidente gisa hautatzeko bozketan abstenitzearen arrazoia hauxe izan zen: "SEAko zuzendaritzak urteetan izandako desleialtasunak". Dena den, une honetan "Larrañaga gure presidentea da", gaineratu du.

Radio Euskadin eskaini duen elkarrizketa batean, Garcinuñok argudiatu du abstentzio horrekin "bozka sinbolikoa eta kritikoa" nabarmendu nahi izan zuela, Arabako patronalak "lau urtetan zehar izandako leialtasun faltaren aurrean", baina baita "bozka arduratsua" ere.

"Une honetan Roberto Larrañaga gure presidentea da, Confebaskeko presidentea da", berretsi du Cebekeko buruak; alabaina, barne kohesio sendoago baten alde lan egin dezala eskatu dio.

Bestalde, Garcinuñoren esanetan, euskal enpresaburuak "arduratu" daude, beldur baitira lehiakortasun eza egiturazkoa bihur dadila eta, horrela, euskal ekonomiaren etorkizunarentzat oztopoa izatea. Bere aburuz, lehiakortasun falta horren zioa da "lanaldi laburrenetakoa eta soldata handienetakoak" izatea, eta, hori konpontzeko, kontratuetan malgutasun-irizpideak aplikatu beharko liratekeela esan du.

Cebekek lan-baldintzak malgutzea defendatu du, honako alderdi hauek areagotzeko: ezarritako ordutegitik kanpoko orden kopurua, enpresa barruan beste sail batera aldatzeko mugikortasuna eta mugikortasun geografikoa.

Garcinuñoren iritziz, aurtengo eboluzio ekonomikoa positiboa izango da, nahiz eta zenbait adierazle negatiboak izango diren, besteak beste, zergen bilketa (ez da uste zen bezala handituko) eta enpleguaren ezegonkortasuna, kontratu berrien % 90 aldi baterakoak baitira, Garcinuño berak aitortu duenez.

Horrez gain, albiste positibotzat jo du euskal enpresak (Euskaltel eta Tubacex, kasu) handitzen saia daitezela, lehiakortasuna hobetzeko asmoz.

Gizarte-ekarrizketarik ez

Bestalde, Garcinuñok gizarte-elkarrizketarako mahai bat eratuta dagoela gogorarazi du. Bertan, "Eusko Jaurlaritzak, patronalak eta sindikatuek gure herrirako garrantzitsuak diren alderdiak adosten saiatzen gara; haatik, badaude zenbait sindikatu mahai horretatik atera litezkeen balizko konponbideak edo adostasunak zapuztu egin nahi dituztenak".

Bere ustetan, "larriena ez da ez hitz egitea, baizik eta hitz egiten ez ustea". Hala ere, sindikatuekin dauden harreman pertsonalak "onak" direla baieztatu du. Dena den, azpimarratu nahi izan du ELAk gure Lurraldean etengabeko gehiengo sindikala mantentzeko beharrizana duela, eta horrek okerrak izan daitezkeen estrategiak hartzea eragiten diola. Izan ere, bere aburuz estrategia horiek okerrak dira "gainerakoei kalte egiten dieten heinean".

Bizkaiko patronalaren presidentearen arabera, "ELAk aurrera daraman etengabeko hauteskunde-lehia horrek ia ezinezkoa egiten du lau sindikatuak mahai baten gainean batzea".

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Audioak (1)