Estatuko Aurrekontu Orokorrak
Espainiako Gobernuak 2016ko Aurrekontuak onartuko ditu gaur
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horietan, funtzionarioen soldata % 1 igoko dute. Lehen igoera izango da langile publikoentzat 2009 urtetik.
Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak 2016ko Aurrekontuak onartuko ditu gaur. Horietan, langile publikoen soldatak eta pentsioak igoko dituzte.
Hain zuzen ere, funtzionarioen soldata % 1 igoko dute. Lehen igoera izango da langile publikoentzat 2009 urtetik. Urte horretan, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiak jaitsi egin zien, eta Rajoyk aparteko soldata bat eta 'moscoso' bat kendu dizkie eta laneguna handitu die. Gainera, soldata izoztuta izan dute azken urteetan.
Bestalde, pentsioak % 0,25 igoko dituzte, hau da, legeak ezarritako kopuru minimoa.
2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak Mariano Rajoyren Gobernuaren azkenak izango dira, urte amaieran hauteskundeak izango baitira. Horregatik onartuko dituzte gaur, irailean egin beharrean.
Hori horrela, Cristobal Montoro Ogasun ministroak agerraldia egingo du Kongresuan asteartean, abuztuak 4, Aurrekontuak zehazteko.
Aurrekontuotan, gastu muga 123.394 milioi eurokoa izango da, hots, iaz baino % 4,4 txikiagoa.
Parlamentuko eztabaida abuztuaren 25ean eta 26an egingo dute segur aski, eta hauteskundeak deitu baino lehen onartuko dituzte behin betiko.