13 hilabeteko igoera
Etxebizitzak erosteko hipoteka kopuruak % 26,3 egin zuen gora ekainean
Ekainean, etxebizitzak erosteko 21.454 hipoteka berri sinatu ziren; beraz, hamahirugarren hilabetez jarraian egin du gora hipoteka kopuruak.
Jabetza-erregistroan 21.454 hipoteka berri erregistratu zituzten ekainean, aurreko urteko hilabete berean baino % 26,3 gehiago. INEk jakinarazi duenez, datu hauek eskritura publikoetan jasotakoak dira.
Horrela, hipotekatutako etxebizitzen kopuruak hamahiru hilabetez jarraian egin du gora, eta igoera bi digitukoa izaten ari da. Ekaineko gorakada, maiatzekoarekin alderatuta, hamabost puntukoa izan zen, hipoteken kopuruak % 10,9 egin baitzuen gora orduan.
Maiatzeko datuekin alderatuta, hau da, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, sinatu ziren hipoteka berrien kopuruak % 8,7 egin zuen gora, azken bost urteetako igoerarik handiena.
Hipoteka berrien zenbatekoa, batez beste, 103.626 eurokoa izan zen, 2014ko epe berean baino % 4,2 handiagoa. Mailegatutako kapitalaren urtebeteko tasari dagokionez, % 31,7 igo zen, 2.223 milioi eurotik gora utzi baitziren maileguan.
2014ko datuekin alderatuta, urteko lehen sei hilabeteetan, etxebizitzak erosteko sinatu diren hipoteken kopuruak % 21,1 egin du gora. Mailegatutako kapitalari dagokionez, % 25,3 hazi da, eta hipoteken zenbatekoa, berriz, % 3,4.