2012ko aparteko soldata
Jaurlaritzak ez du argitu noiz emango duen aparteko soldataren % 25
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko Gobernuak ez du emango ez irailean, ez urrian, Erkorekak baieztatu duenez.
Eusko Jaurlaritzak ez du hilabeteon ezta urrian ere ordainduko 2012ko Gabonetako aparteko soldataren % 25, Josu Erkoreka bozeramaileak aurreratu duenez.
Arabako Aldundiak hilabete honetan ordainduko du 2012ko aparteko soldataren % 25, baina, Erkorekaren esanetan, Jaurlaritzak ezin du. “Zorionekoa Arabako egoera ekonomikoa, baina Jaurlaritzak ezin du egin ez orain, ez urrian”, azaldu du.
Arabak iragarpena egin baino lehen, Espainiako Gobernuak ere aurreratu zuen urrian itzuliko duela aipatutako soldataren % 25.
Horren ildotik, Erkorekak gogorarazi du EAEn funtzionarioak ez zirela urtebete egon aparteko soldata kobratu barik, hurrengoa aurreratu baitzuten. Hau da, 2012ko Gabonetako aparteko soldata ez zuten eman, baina 2013ko ekainekoa urtarrilera aurreratu zuten.
Nolanahi ere, bozeramaileak ez du argitu noiz itzuli ahalko duten aparteko soldata.
Nafarroako Gobernua "egoerak eskatzen duen mailan" egongo da
Nafarroaren kasuan, Manu Ayerdi presidenteorde ekonomikoak esan du Foru Gobernua “egoerak eskatzen duen mailan” egongo dela gai honetan.
“Bihar bukatuko dugu eztabaida, baina borondate politikoa erabatekoa da”, adierazi du.