Dokumentazioa
Zer da euskal Kupoa? Auzia ulertzeko gakoak
EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Zelan kalkulatzen da? Zertan dira Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko desadostasunak? Zalantza guztiak, argituta.
Zer da Kupoa?
Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) transferitu ez dizkion eskuduntzengatik ordaintzen duen dirutza konpentsatzeko Euskadik urtero-urtero ordaintzen duen kopurua da. Ekonomia Itunaren edo Kontzertu Ekonomikoaren 49. artikuluan eta Autonomia Estatutuaren 41. artikuluaren bigarren zatian dago jasota definizio legala:
"Euskadik Estatuari egindako ekarpena kupo orokor bat izango da, eta kupo hori lurralde historiko bakoitzari dagokionak osatuko du. Euskadiko Autonomia Erkidegoak bere egiten ez dituen estatuaren karga guztiei dagokien kontribuzioa da kupoa".
Noiz eta zenbat ordaindu zen lehen aldiz?
Espainiako Gobernuak 1878an ezarri zuen EAEk ordaindu beharreko lehen kupoa. Urte hartako diru-bilketari euskal eskuduntzen kostua kenduta kalkulatu zuen, eta Euskadik 2.043.177 pezeta (12.279 euro) ordaindu zituen. Alegia, garaiko auto xume batek balio zuena. Datua Pedro Luis Uriarte 80ko hamarkadan Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu izandako eta Kontzertuaren aitetako batek emana da, "El Concierto Economico Vasco: una vision personal" liburuan.
Aldatu al da Kupoa ordudanik?
Bai, bereziki bi alorretan. Batetik, ordaindu beharreko kopurua ez du alde batek inposatzen, bi aldeek adosten dute eta. Estatuaren zerga-bilketa kontuan hartu barik, gastuak hartzen dira aintzat.
Gastu horiek lau motatakoak dira:
1. Estatuaren berezko eskuduntza batzuk: Gorteak, Errege Etxea, enbaxadak, Defentsa, azpiegiturak (itsas portuak, AVEa)...
2. EAErenak diren baina transferitu gabe dauden eskuduntzak: espetxe zaintza eta Gizarte Segurantza, besteak beste.
3. Elkartasunarekin lotutako Estatuaren eskuduntza batzuk. Adibidez, Lurralde-arteko Konpentsazio Funtsari dagokiona (errenta handiena duten erkidegoek txikienei lan publiko jakin batzuk egiteko emandako dirua).
4. Estatuaren zorren korrituak eta amortizazio-kuotak.
Zenbaitetan, EAEko herritarrei zuzenean eragingo ez dieten zerbitzuen gastuak ordaintzen dira Kupoaren bidez (hala nola, enbaxada baten gastuaren zati bat).
Zenbat ordaintzen da gaur egun?
Estatuko gastuaren portzentaje jakin bat ordaintzen du EAEk 1980tik: % 6,24. Bi aldeek adostu zuten ehunekoa, negoziazio luze baten ondoren. Orduko hartan, euskal ekonomiak Estatuko ekonomian duen pisua hori zela ebatzi zuten bi administrazioek.
Portzentaje hori finko mantendu da 37 urte hauetan, EAEko ekonomiak Estatuko Barne Produktu Gordinean (BPG) duen pisua aldatu bada ere. 2001etik % 6,10koa da, eta, beraz, EAE dagokiona baino gehiago ordaintzen ari da.
Kupoa derrigorrez ordaindu beharrekoa denez, zerga-bilketa positiboa eta hazkunde ekonomikoa eduki behar du Euskal Autonomia Erkidegoak. Etekinik ezean, gastatzeko duen dirua gutxiago edukiko lukeelako.
Kupoa bost urtean behin negoziatzen eta berritzen duten Lege baten arabera ezartzen da. Urtero, baina, doikuntzak edo zuzenketak egiten dira aurrekontuetan jasotako gastuak eta benetan izan diren gastu konpentsatze aldera.
1981etik 2016ra, Euskadik 133.459 milioi euroko Kupo gordina ordaindu dio Estatuari, 26.000 milioi garbi. Bestela esanda, urte hauetan EAEko herritar bakoitzak 11.558 euro garbi ordaindu ditu.
2017ko maiatzaren 3an Kupoaren inguruko akordioa lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.