Finantza Publikoen Kontseilua
Euskadik espero baino 243,1 milioi euro gutxiago bilduko ditu aurten
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuak aurtengoak baino % 1 handiagoak izango dira 2016an.
EAEko foru ogasunek ez dituzte beteko aurtengo aurreikuspenak, eta diru-sarrerak espero baino 243,1 milioi euro txikiagoak izango dira. Horrenbestez, azkenean 12.836,9 bilduko dituzte 2015ean.
Nolanahi ere, baztertu egin dute murrizketa sakonik egitea, eta "babes sozialeko euskal eredua" mantendu egingo dutela nabarmendu dute.
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak bilera egin du gaur arratsaldean Gasteizen, aurtengo diru-bilketaren aurreikuspenak ixteko eta hurrengo urtekoak zehazteko, erakundeek 2016ko aurrekontuak egin ahal izateko.
Bileran, jaitsi egin dituzte aurtengo aurreikuspenak. Otsaileko batzarrean, Kontseiluak kalkulatu zuen diru-sarrerak iazkoak baino % 6,17 handiagoak izango zirela, baina azkenean % 4,2 handiagoak izango dira.
2016 urteari dagokionez, ogasunek % 5,2 gehiago biltzea espero dute. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuak aurtengoak baino % 1 handiagoak (100 milioi euro gehiago) izango dira.
Bileran honakoek hartu dute parte, besteak beste: Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, hau da, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano.
Batzarra Lehendakaritzan egin dute, aurrenekoz; Jaurlaritzaren egoitzan izan beharrean.