Jaurlaritzaren ikerketa
Euskarak % 4,2ko ekarpena egiten dio EAEko ekonomiari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, euskarak "pisu garrantzitsua" du EAEko Barne Produktu Gordinean.
Euskarak 2.800 milioi euroko ekarpena egiten du EAEko ekonomian, hau da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 4,2, Eusko Jaurlaritzak agindutako ikerketa baten arabera.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak prentsaurrekoa eskaini du Donostian, ikerketaren nondik norakoak azaltzeko. Horrekin batera, Meirion Prys Jones Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europar Sareko (NPLD) zuzendaria ere izan da.
Ikerketak testuinguruan kokatu du euskararen ekarpena, beste hainbat sektoretakoekin alderatuta. Hori horrela, Osasunak % 8,8ko ekarpena egiten du EAEko ekonomian; Turismoak, % 5,8koa; Hezkuntzak, % 5,5ekoa, eta I+G+Bk, aldiz, % 2,1ekoa.
Gainera, EAEn 56.142 lanpostu daude euskararekin lotuta, hots, enplegu guztien % 6,3. Horien artean, 42.724 zuzenak dira; 3.748, zeharkakoak, eta 9.670, eragindakoak.
Baztarrikak nabarmendu du euskarak "pisu ekonomiko garrantzitsua" duela, eta beharrezkotzat jo du euskara normaltzeko politikak sustatzea, bizikidetza eta kohesio soziala hobetzeko.
Horren ildotik, hizkuntza batzuk ondasun kultural huts giza jotzea "kaltegarri" izan daitekeela ohartarazi du.
"Europan indarrean dago oraindik estatu-nazio-hizkuntza paradigma zaharra", ohartarazi du sailburuordeak, eta "lehen eta bigarren mailako hizkuntzarik" egon beharko ez liratekeela adierazi du.
Aurreiritzi horren aurrean, baina, euskarak "garrantzi ekonomikoa" duela goratu du Baztarrikak, "enpleguak sortzen dituelako eta BPGn ekarpena egiten duelako".
Datu gehiago eman ditu euskararen pisua azpimarratzeko: 44.a da Interneten gehien erabilitako hizkuntzen artean, 34.a Wikipedian, eta Twitterrek erabilitako 33etako bat da.
Bestalde, Meirion Prys Jonesek gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren ikerketa "aitzindaria" dela, ez baitago "antzekorik" mundu osoan.
Horregatik, Gasteizko Gobernuak "hizkuntzak suspertzeko bidea" zehaztu duela esan du.