Itxi

Hirugarren hiruhilekoa

Langabezia eta landun tasek % 0,4 egin dute behera EAEn

eitb.eus

885.600 pertsonak dute lana Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko hiruhilekoan baino 3.700 gutxiagok. Enplegu sailburuak espero du azken hiruhilekoan datuak hobeak izatea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2015eko hirugarren hiruhilekoaren amaieran, 885.600 pertsona ari ziren lanean EAEn, aurreko hiruhilekoan baino 3.700 gutxiago (% 0,4), Eustatek jakitera eman duenez.

Bestalde, langabezia tasa % 14,7an geratu zen, 2015eko bigarren hiruhilekoan baino lau hamarren beherago.

Landunen eta langabeen tasak aintzat hartuta, jarduera tasa % 57,2an geratu zen, eta aurreko hiruhilekoan % 57,6koa zen.

Lurraldeka, Gipuzkoakoa da landun tasa altuena, % 66,5ekoa, aurreko hiruhilekoan baino % 0,8ko beherakadarekin. Araban % 65,8koa da tasa hori, % 0,9ko gorakadari esker. Azkenik, Bizkaian dute tasa baxuena, % 0,4 igo den arren, % 63,2an kokatzen baita.

2015eko hirugarren hiruhilekoan 861.600 familia zeuden EAEn, eta heren batean ez dago pertsona aktiborik. Erdietan lanean ari dira pertsona aktibo guztiak, aurreko hiruhilekoan baino 3.2000 gehiago. Gainera, 51.000 familia dira etxeko guztiak langabezian dituztenak (% 5,9).

Langabezia tasa

Lana bilatzen ari direnen kopurua 152.300ekoa zen irailaren amaieran, aurreko ekain amaieran baino 5.400 gutxiago. Hala, langabezia tasa % 15,1etik % 14,7ra jaitsi zen.

Gazteen langabezia tasak oso altua izaten jarraitzen du, % 32,7koa, eta 16 eta 24 urte arteko 15.400 pertsona daude langabezian, nahiz eta kopuruak % 1,9 egin duen behera hiru hilabetetan.

Lurralde historikoka, Gipuzkoan dago langabezia tasa txikiena, % 12,2koa (2.700 gutxiago); Araban % 14,7koa da (2.300 gutxiago); eta Bizkaian, % 16,2koa (400 gutxiago).

Eurostaten datuen arabera, Europar Batasunean % 9,5ekoa da batez besteko langabezia, eta Espainiako Estatukoa % 22,2koa.

Toña: Datorren hiruhilekoan datuak hobeak izango dira

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, 2015eko azken hiruhilekoaren datuak Eustatek gaur emandakoak baino hobeak izango dira. Hala, jarduera tasa handitu eta eta langabeziaren jaitsiera "argia" izango delakoan dago.

Legebiltzarreko pasilloetan egindako adierazpenetan, baikor agertu da Enplegu sailburua. Adierazi duenez, "datuak onak dira, gizartea zahartzen ari dela kontuan hartuta". Horrek, azaldu duenez, erretiroa hartzen duten lagunen kopurua handitu du, eta beraz, jardunean dauden pertsonen kopurua txikitu.

Bideoak (1)