Barakaldo
Barakaldok neurriak hartu ditu Mercadonaren inaugurazioa dela eta
Agentziak | Erredakzioa
Supermerkatu-kateak gaur ireki du bere lehenengo denda Bizkaian eta jende asko bertaratzea espero dute.
Barakaldoko Udaltzaingoak neurri bereziak hartu ditu Mercadonaren inaugurazioa dela eta, sarbideetan izan daitezkeen ibilgailu-pilaketak ekiditeko, Udalak ohar baten bidez zabaldu duenez.
Zirkulazioa arintzeko asmoz, zinemen biribilgunearen ondoko aparkalekuko sarrera itxiko dute. Neurri honekin auto-ilarak saihestu nahi dituzte.
Gainera, Udaltzaingoak beste biribilgune batzuetan ere zainketa lanak egiteko asmoa du.
Hori dela eta, Barakaldoko Udalak bertaratzeko asmoa duten herritarrei oinez joateko edo garraio publikoa hartzeko aholkatu die.
EH Bilduren eta Berri-Otxoaken protesta
Barakaldoko Udaleko EH Bilduk salatu du Mercadonaren irekierak “denda txikien egoera okertu” behar duela; eta, horregatik, ez dela joan Megaparken ireki berri duten zentroaren inaugurazio ekitaldian izan.
Koalizioak prentsa ohar batean azaldu duenez, ”merkataritza zentro handietan oinarritutako ereduak ezegonkortasuna, soldata txikiak eta lan baldintza kaskarrak eragiten ditu”, eta Mercadona “ez da Barakaldoko egoera sozio-ekonomikoa baretuko duen sendagaia”.
Inaugurazio ekitaldiarekin batera, Berri-Otxoak elkarteak deituta, “kazerolada” egin dute merkataritza zentro handietako lan baldintzak salatzeko.
Elkarteak adirazi duenez, Mercadonak 60 zigor jaso ditu langileen eskubideak urratzeagatik, gaixotasun bajak ez hartzera behartzen ditu langileak, langileriaren sindikazioa galarazten du, eta mehatxupean ditu lan-baldintza hobeak eskatzen dituzten langileak.