Ekonomia aurreikuspena
OCDEk % 3,2ra igo du Espainiako ekonomiaren hazkunde aurreikuspena
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak hiru hamarren hobetu du ekainean egindako aurreikuspena. Dena den, hainbat 'arriskuz' ohartarazi du.
Espainiako ekonomiaren 2015erako hazkunde aurreikuspena hobetu du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak eta, horren arabera, % 3,2 haziko da, ekainean egindako estimazioa baino hiru hamarren gehiago. Hala ere, 2016rako aurreikuspena jaitsi du eta Espainiako barne produktu gordina % 2,7 haziko dela kalkulatu du.
"Mundu mailako perspektiba ekonomikoak" izeneko txostena argitaratu du eta, horren arabera, Espainiako ekonomiak errekuperazio bideari eutsiko dio 2016an eta 2017an. Hala ere, hazkunde hori moteldu egingo dela iragarri du, batez ere, euroaren balio-galeraren eta petrolioaren prezioaren beherakadaren eragina desagertzen den heinean.
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egindako 2015erako aurreikuspena Espainiako Gobernuak egindakoa baino hamarren bat baxuagoa da eta 2016rako egindakoa, ostera, hiru hamarren txikiagoa.
Enpleguari dagokionez, modu irmoan hazten ari dela azpimarratu du eta, ondorioz, 2015eko langabezia-tasa % 22,1era jaitsi du eta 2016koa, ostera, % 19,8ra.
Ekonomia aurreikuspenak positiboak badira ere, hainbat arriskuz ohartarazi du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak: balizko ziurgabetasun politikoa, Europako ekonomiaren geldotzea eta petrolioaren eta oinarrizko elikagaien prezioen balizko igoera.