Itxi

Aurreikuspen ekonomikoak

2016an % 2,5 haziko da EAE eta 15.000 lanpostu sortuko dira

Agentziak | Erredakzioa

Egoera ekonomikoaren argazkia egin du gaur Eusko Jaurlaritzak. 2015erako aurreikusitako hazkundea ( % 2,7) beteko dela ziurtatu du Erkorekak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2016an ere gora egingo du Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) ekonomiak. % 2,5eko izango da hazkundea, Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspenen arabera. Enpleguak ere gora egingo du, eta 15.000 lanpostu berri sortu dira, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez.

Jaurlaritzaren gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan aurkeztu ditu aurreikuspenok Erkorekak. Azaldu duenez, 2015erako aurreikusitako hazkundea ( % 2,7koa) bete egingo da. Industria sektorearen hazkundea aipatu du bereziki bozeramaileak: "Euskal ekonomiaren motorra da, % 3,6 hazi baita".

Enpleguaren bilakaera "positiboa" ere azpimarratu du Erkorekak. 2014an 165.700 lagun zeuden Lanbiden izena emanda; 2015ean, 150.000ra jaitsi da kopurua, hau da, % 9,4 jaitsi da langabezia-tasa. "Krisia hasi zenetik, 2008tik, izandako jaitsiera handiena da iazkoa", nabarmendu du.

Horrez gain, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen kopuruak ere gora egin du: 2014an baino 20.000 pertsona gehiago. Ingurumaria honetan, Jaurlaritzak "aurrekontuei eutsi die eta gastuak ahalik eta zorrotzen kudeatu ditu", esan du Erkorekak.

Gainera, hirugarren urtez jarraian, defizit eta zorraren helburu guztiak bete dituela nabarmendu du Jaurlaritzako bozeramaileak. 2015ean  0,7ko defizita izango dutela espero du Urkulluren gobernuak.

2016ari dagokionez, Euskadi "nazioarteko zalantza eta ziurgabetasunaren menpe" egongo dela adierazi du Erkorekak, baina halere, % 2,5eko hazkunde aurreikusi dutela iragarri du. "15.000 lanpostu berri baino gehiago sortuko dira 2016an", erantsi du.

Albisteak (1)

Bideoak (1)