SESTAOKO ACB-REN ITXIERA
Jaurlaritzak Europara joko du altzairuaren 'dumping'ari aurre egiteko
Agentziak | Erredakzioa
Lehendakaria Bruselara joango dela iragarri du Tapiak, Txinak darabilen politikari (prezioak produkzio kostuen azpitik ezartzea) "modu eraginkor eta azkarrean" erantzuteko.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak Europara joko du 'dumping'aren (prezioak produkzio kostuen azpitik ezartzeari deritzo) aurrean "esku hartzeko" eta altzairuaren "gure sektorearen itxiera" ekarriko ez duen araudia eskatzeko. Bruselaren erantzuna "modu eraginkor eta azkarrean" etortzea espero duela nabarmendu du.
Orkli enpresak Ordizian duen lantegian izan da goizean Tapia, eta bertan egin ditu adierazpenak. Sailburuak aurreratu duenez, Iñigo Urkullu lehendakaria Bruselara joango da aurki, Miguel Arias Cañete Energiaren Europako komisarioarekin biltzera eta 'dumping'ari nola aurre egin aztertzera.
Hain zuzen ere, Txinaren politika hori aipatu du Arcelor Mittal konpainiak Sestaon duen lantegia (Aceria Compacta de Bizkaia, ACB) behin-behinean eta modu mugagabean itxi duela iragartzeko orduan. Atzo adierazi zuenez, lantegiaren behin-behineko itxialdiak 335 beharginei eragingo die eta, ondorioz, enplegu eta soldata barik izango dira epe horretan. 2011n ere beste geldialdi bat egin zuen lantegiak, sei hilabetekoa.
Sailburuak gogoratu duenez, hartutako erabakia Txinatik ekoizpen-kostuen azpitik dauden prezioetan inportatzen den altzairuaren eraginez dator, eta "hori 'dumping'ezko praktika da" (produktu bat balioa duena baino merkeago saltzea). Horren aurrean, Europa ez da ari sendotasunez erantzuten, "bere araubidea geldo eta berandu baitoa".
"Merkatu askea bai, baina 'dumping'ik gabe"
"Guztiok era berean lan egiten, noski merkatu askeko baldintzetan, baina 'dumping'ik egin gabe, kasu honetan gertatzen ari den legez", adierazi du Tapiak. Sailburuak aurreratu duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren jarduera lehendabizi Europan izango da "'lobby' hori martxan jartzen saiatzeko, uste baitugu beste herrialde batzuek ere nahi izango dutela. Gainera, uste dugu arin eta modu eraginkorrean egin behar dela".
Garapen Ekonomikoko erantzuleak jakinarazi du enpresak atzo goizean adiera ziola Jaurlaritzari aldi baterako EEEa (enplegu-erregulazioko espedientea) aurkezteko asmoa, ordutik aurrera etengabeko harremanetan gaude gainerako euskal instituzioekin, bereziki Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Sestaoko Udalarekin.
Arantxa Tapiak gogorarazi du Sestaoko altzairu-fabrikak "beste geldialdi batzuk ere izan ditu eta leheneratzen eta merkatura itzultzen jakin du". "Horixe bera da enpresatik bertatik helarazten digutena, egunero ekinean egongo direla hori errealitate bihur dadin; eta gu ere hala egongo gara Europatik lanean, eta eurekin etengabe harremanetan, errealitate hori ahalik eta azkarren gerta dadin. Hala ere, gaur-gaurkoz urte zaila izango dela ikusten dugu", gaineratu du.
, gaineratu du., gaineratu du., gaineratu du., gaineratu du.