ACB
'Neurririk hartu ezean' lantegia ixteko arriskua dago, dio Arcelorrek
Agentziak | Erredakzioa
Gainera, nabarmendu du Sestaoko lantegia ez dela bideragarria eta Europan "berehalako neurriak" hartzea eskatu du. Hala, esan duenez, ez dakite "burdinola berriz zabalduko duten"
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arcelor Mittalek esan duenez, merkatuko egungo baldintzak mantenduz gero, Sestaoko ACB (Aceria Compacta de Bizkaia) lantegia "ez da bideragarria ekonomikoki" eta, Europan "berehalako neurriak" hartzen ez badira, Txinako lehiakortasunari aurre egiteko, baliteke plantak "behin betiko itxi behar izatea". Hori dela eta, ziurtatu duenez, ez dakite burdinola bizkaitarra berriz zabalduko ote duten, baina, merkatua aldatu ezean, "ez dago aurrera egiterik", enpresak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez.
Arcelor Mittalen bozeramale baten hitzak dira, ostegunean Sestaoko ACB lantegiak behin behinean eta mugagabean itxiko duela iragarri ostean.
Enpresak jakinarazi duenez, gaur egun, harreman egonkortu eta ohikoak dituzte Sestaoko Udalarekin, Bizkaiko Diputazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.
Gainera, lantegiko bozeramalearen arabera, behin behineko geldialdi mugagabea egitea erabaki dute "merkatuko baldintzek" ez dutelako erakusten "noiz" zabaldu ahal izango duten, ezta egingo duten ere.
Neurriak Europan
Enpresak esandakoaren arabera, altzairuaren kostua "askoz ere handiagoa" da Espainian, Europako beste herrialdeetan baino, esaterako, Alemanian % 38ko ezberdintasuna dago salneurrian, datorren urteari begira, eta horrek "oso zail" egiten du beste herrialde europarrekin lehiatzea, "bereziki Txinatik etorritako altzairua, % 30 merkeagoa, edonon topatzen denean".
Arcelor Mittalen arabera, “Europak ez ditu neurri azkarrik hartu eta Txinaren lehiakortasunari erantzuteko berehalako neurriak hartzea ezinbestekoa da; horrela egin ezean, Sestaoko lantegia behin betiko ixteko aukera dago”.
“Une honetan geldialdia mugagabea da; lantegia berriro martxan jartzeko merkatuaren baldintzak aldatu egin beharko lirateke, Txinak saldutako altzairuaren prezioa, hemen ekoitzitakoa baino %25-30 merkeago saltzen baitu”, erantsi du.
“Ekonomikoki ez da bideragarria”
Konpainiak dio egun ezinezkoa dutela egoera aldatuko den edo ez aurreikustea, “eta egoera horretan lantegiak ezin du martxan egon, dirutza galtzen duelako”.
Gauzak horrela, Arcelor Mittalek esan du Sestaoko fabrika ekonomikoki ez dela bideragarria, “merkatuan dauden prezio baxuen ondorioz”.
“Altzairutegi elektriko bat da Sestaokoa eta energia elektrikoaren kostea oso altua da”, erantsi du.