Itxi

Sestaoko ACB

Bruselak altzairuaren bilera eta protesta bat hartuko ditu gaur

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Siderurgia sektoreko sindikatuen konfederakundeak elkarretaratzea egingo du gaur, kalitatezko lanpostuak defendatzeko eta dumpingaren aurkako neurriak eskatzeko.

Manifestazioa Sestaon. Artxiboko irudia: EiTB

Europako altzairuak hitzordu bikoitza du gaur Bruselan; izan ere, Europar Batasunak bilera egin behar du eta manifestazio bat izango da Belgikako hiriburuan. EAEko ordezkari politikoek eta sindikatuek mobilizazioan parte hartuko dute.

Alde batetik, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburua Europar Batasuneko ministroen eta ordezkarien konferentzian izango da gaur. Europako energiaren eta altzairuaren egoera aztertuko dute.

EBko Barne Merkatu Batzordeak, Industria, Ekintzaile eta Enpresa Txiki eta Ertainen Batzordeak konferentzia antolatu du. Herbehereetako, Erresuma Batuko eta Frantziako Industria ministroek, Elzbieta Bienkowska komisarioak, adituek eta enpresek parte hartuko dute.

Europako Batzordeak Txinako hiru produktu siderurgiko ikertzeko erabakia hartu ondoren egingo dute gaurko bilera. Produktuetako bat Sestaoko ACBk ekoizten du.

Siderurgia sektoreko sindikatuek protesta egingo dute

Bestalde, siderurgia sektoreko sindikatuen konfederakundeak elkarretaratzea egingo du gaur, kalitatezko lanpostuak defendatzeko eta dumpingaren aurkako neurriak eskatzeko. Europako metal industriak 40 milioi tonatan murriztu du bere ekoizpen gaitasuna eta 60.000 lanpostu zuzen baino gehiago eta zeharkako beste 100.000 galdu ditu.

Martxan EAEko buruzagi politikoek parte hartuko dute, besteak beste, Izaskun Bilbao (PNV), Carlos Iturgaiz (PP) edo Ramon Jauregui eta Eider Gardezabal (PSE) eurodiputatuek.

Elkarretaratzearen ondoren, Arcelor Mittaleko ordezkaritza bat hartuko dute eurodiputatuek Europako Parlamentuan. Asturias, Euskadi eta Valentziko lantegietako sindikatuen ordezkaritza bat bertan izango da.

Albisteak (3)