Petrolioaren prezioa
Tubos Reunidos lan erregulazio plana aurkeztea aztertzen ari da
eitb.eus
Azkenaldian, petrolio eta gas negozioetan hodien eskaria % 30 jaitsi da eta horrek zuzenean Tubos Reunidos konpainiari eragin dio, zuzendaritzaren esanetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hodei beltzak Euskal Herriko enpresa talde handienetakoa den Tubos Reunidos konpainian ere, Euskadi Irratiak aurreratu duenez. Tubos Reunidos enpresako zuzendariak iragarri duenez, aldi baterako lan erregulazio espediente bat indarrean jartzea pentsatzen ari dira petrolioaren prezioaren beherakadaren eraginez.
Azkenaldian, petrolio eta gas negozioetan hodien eskaria % 30 jaitsi da eta horrek zuzenean Tubos Reunidos konpainiari eragin dio, zuzendaritzaren esanetan; izan ere, altzairuzko hodiak egiten dituzte energia arloarentzat.
2015eko lehen bederatzi hilabeteetan 8,5 milioi euroko galerak izan dituzte eta momentu honetan ez dute lan kargarik. Pedro Abasolo enpresako zuzendariak baieztatu duenez, lan erregulazio txostena aurkeztea mahai gainean dago.
Neurriak aztertzen ari dira, baina lehen informazioen arabera, aldi baterako lan erregulazioa izango litzateke zuzendaritza aztertzen ari den aukera. 2009an, Amurrioko lantegian 813 langileri eragin zien lan erregulazio txostena onartu zuen.
Enpresaren arduradunek Iñigo Urkullu lehendakariari jakinarazi dizkiote euren arazoak. Abasolok uste du okerrena pasa dela, eta petrolioaren prezioa igotzen hasiko dela. Hala ere, ETBri esan dionez, egoerarik txarrenean jarri nahi izan dute.
Konpainiak 1.500 langile ditu Hego Euskal Herrian. Trapagaranen (Bizkaia), Amurrion (Araba) eta Iruñean lantegiak ditu Tubos Reunidosek. Gainera, enpresaren balioak % 62 behera egin du burtsan.