Hazkundea
Datozen bost urteetan 500 lanpostu sortzea espero du ITP konpainiak
E. Lotina | eitb.eus
Horretarako funtsezkoa izango da ITP Sestaon eraikitzen hasi den lantegi berria. 2017an martxan izatea espero dute.
ITP konpainiak hazkunde prozesu bati hasiera emango dio eta datozen bost urteetan 500 lanpostu sortzea espero du, Radio Euskadik azaldu duenez. Sektore aeronautikoaren une goxoa eta eskabide-zorroak gora egin duela aprobetxatuz, ITPk anbizio handiko egitasmo estrategikoa aurkeztu du. Datozen bost urteetan 650 milioi euro baino gehiago inbertitzea aurreikusi du.
Guzti horretarako funtsezkoa izango da ITP Sestaon eraikitzen hasi den lantegi berria. 2017an martxan izatea espero dute.
Motor eta osagai aeronautikoen ekoizleak 59 milioi euroko irabaziak lortu zituen iaz, 2014an baino % 9,1 gutxiago, Bizkaiko konpainiak jakitera eman duenez.
I+G
Konpainiak agiri batean azaldu duenez, I+Gn egindako inbertsio handiagoak eta aktiboen balio-galerak mozkinen beherakada ekarri du. Aktiboek balioa galdu dute dolarra sendotu delako.
Bestalde, 710 milioiko negozio bolumena izan zuen ITPk, aurreko ekitaldian baino % 9,3 gehiago. Gainera, esparru guztietan gora egin zuen negozioak: % 6,6 hegazkintza zibilean; % 3,4 Defentsan eta % 25,8 Zerbitzu Euskarrian.
Iaz I+G+Bren aldeko apustu sendoa egiten jarraitu zuela goraipatu du ITPk. Hala, 57 milioi euroko inbertsioa egin zuen.
'ITP 2020'
Konpainiak 2016-2020 eperako egitasmo estrategikoa aurkeztu du 2016an: 'ITP 2020'. Merkatua egonkor dago eta munduko hegazkineria haztea espero da, baina motor programa berrien aurreikuspena eskasa da.
Negozio bolumena areagotzeko helburua du enpresak. Horretarako, salmentek datozen bost urteetan % 50 bat gora egitea nahi du.
Inbertsioak Zamudioko eta PCB (Sestao, Precicast zaharra) lantegietan egingo ditu konpainiak. Era berean, inbertsioa Mexikon eta Erresuma Batuan ekoizpena handitzera bideratuko du ITPk.
/p>