Lan-erreforma
Manifestazio jendetsua egin dute Baionan, lan-erreformaren aurka
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Merkataritza eta Industria Ganbera okupatzen saiatu dira hainbat manifestari. Jendarmeek kolpeka egin die aurre.
Frantziako Gobernuaren lan-erreforma datorren astean hasiko dira Parlamentuan eztabaidatzen, eta gaur egitasmo horren kontrako beste manifestazio jendetsu bat egin dute Baionan. Aurrerantzean ere mobilizazio gehiago egingo dituzte.
Manifestazioa bukatutakoan, lan-erreformaren kontrako protestan parte hartu duten hainbat lagun Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan sartzen saiatu dira, han baitauka patronalak bulegoa.
Egoitza okupatzea zen helburua, baina jendarmeek manifestariei aurre egin diete. 20 bat lagunek lortu dute barrura sartzea, baina kolpeka atera dituzte.
Datorren astean hasiko da lan-erreformari buruzko eztabaida Pariseko Parlamentuan, eta lanuzteak eta mobilizazioak iragarri dituzte hainbat sindikatu eta gizarte-eragilek.
Eñaut Aramendi LABeko ordezkariak Euskadi Irratian esan duenez, azken egunetan Hollanden Gobernuak ezkerrari eginiko keinuek hauteskundeak dituzte xede, besterik ez.
Bestalde, lan-erreformaren kontrako kolektiboak ohartarazi du ikasleen aldetik eta enpresa pribatuetan "mugimendu eskasa" dagoela.