Kargatzen...
Itxi

Salerosketa

eBay konpainiak Ticketbis euskal enpresa erosi du

O.A. | EITB.EUS

Leer en Castellano

Ticketbis Ander Mitxelena eta Jon Uriarte ekintzaile gazteek sortu zuten 2009an. Sortu eta 7 urtera, 165 milioi euroan saldu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

eBay salmentak egiteko webgune estatubatuarrak Ticketbis euskal enpresa erosi du 165 milioi euroren truke. Ander Mitxelena eta Jon Uriarte ekintzaile gazteek sortu zuten 2009an eta 2016an 85 milioi euroko fakturazioa izan zuen.

Salerosketa horren ondotik, Ticketbis StubHub sarrerak salerosteko AEBko webgunearen parte izango da. Erosketaren helburua StubHub atariak Latinoamerikan eta Europan duen presentzia handitzea da, plataforma Asiara eta Ozeano Barera zabaltzeaz gain.

Ticketbis 2009an sortu zuten, eta Bilbon eta Madrilen ditu egoitzak. Sortu eta lehen urtean, merkatu espainiarrean lider bihurtu zen. Gaur egun, munduko 40 herrialdetan dago, eta Europako eta Latinoamerikako merkatuen buruan dago.

Ander Mitxelenak eta Jon Uriartek Morgan Stanley konpainiak Londresen duen egoitzan egiten zuten lan, eta beren proiektua abiatzea erabaki zuten. Zehatz-mehatz esanda, kontzertuetarako eta ikuskizunetarako sarrerak erosi eta saldu nahi dituztenen artean bitartekari lanak egiten zituzten enpresak behatu zituzten, eta Estatuan horrelako enpresa bat sortzea erabaki zuten.

Bost urteko epean, 60 milioi euro fakturatu zituzten. Gaur egun, 41 herrialdetan daude eta, salerosketaren ondoren, are gehiago zabaltzea espero dute.

Bideoak (1)