Itxi

Protestak

Frantziak erregai erreserbak erabili ditu eskasiari aurre egiteko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gasolina-zerbitzuguneen % 20k guztiz edo ia guztiz agortu dituzte euren deposituak. Gaur greba dago deituta tren zerbitzuan eta zentral nuklear batean.

CGT sindikatuko kide bat erregai biltegi baten aurrean egindako protestan. EFE

Frantziako sindikatuetako kideek egunak daramatzate herrialdeko petrolio findegi eta biltegiak blokeatzen, lan-erreformaren kontra protesta gisa. Gasolina-zerbitzugune batzuen hornidura arazoak zabaltzen hasi ziren laster, eta egun, egoeraren larriaz, erregai erreserbak erabiltzen hasi dira Frantzian.

"Bai, erreserben zati txiki bat erabili dugu. Gobernuak eman du baimena, berak bakarrik egin baitezake", esan du Catherine Enck Gas eta Erregai industriaren Federazioko bozeramaileak.

RMC irrati kateari eginiko adierazpenetan, erreserbok bi egunez erabili dituztela zehaztu du Francis Duseux Petrolio Industriaren Frantziako Elkarteko presidenteak. Haren hitzetan, "kontsumo egun bati dagokiona ateratzen dugu egunero. Egoerak okerra egiten badu, hiru hilabetez erabiltzeko erreserbak ditugu".

Erregai findegi eta biltegietan egunerokoak dira sindikalisten blokeoak. Hala, gutxienez gasolina-zerbitzuguneen % 20k guztiz edo ia guztiz agortu dituzte euren deposituak.

Langileek blokeatuta zuten Douchy les Mines herriko biltegia (iparraldea) indarrez "askatu" zuen Jendarmeriak. Stephane Le Foll Frantziako Gobernuaren bozeramaileak argitu duenez, "egin beharreko guztia" egingo dute erregai hornidura bermatzeko.

Gasolindegi askotan kartelak dituzte erregairik ez dutela jakinarazteko. EFE

Greba Nogent sur Seine zentral nuklearrean

Arlo horretako protestei energia sektorean gaurko iragarritakoak batu behar zaizkie. Izan ere, asteazken honetan geldialdia egingo dute Nogent sur Seine (Paris hego-ekialdea) zentral nuklearreko erreaktoreetako batean, langileek greba egingo baitute.

Horrez gain, tren zerbitzuan ere lanuzteak deitu dituzte, azken asteetan asteazken eta ostegunetan egin duten bezala.

SNCF konpainiak jakinarazi duenez, abiadura handiko trenen laurdena ez da ibiliko, eta Paris eskualdeko aldiriko tren zerbitzua ere bertan behera geratuko da (bostetik bat eta hirutik bat bitartean). Eskualdeko tren zerbitzuari dagokionez, hirutik bati eragingo dio grebak.

Nazioarteko zerbitzuan, Frantzia eta Espainia lotzen duten trenen % 40 ez dira ibiliko, eta Frantzia eta Suitza lotzen dituzten trenen % 10 ere bertan behera geratuko dira. Grebak ez die eragingo Paris eta Londres lotzen dituen Eurostar trenari eta Parisetik Belgikara, Herbehereetara eta Alemaniara joateko ibiltzen diren Thalys trenei.

Ostegunerako, aire kontrolatzaileen greba iragarri dute. Badaezpadako neurri gisa, Orly aireportutik atera edo bertan lur hartu behar duten hegaldien % 15 utzi dituzte bertan behera.

Albisteak (2)