Itxi

LAN GATAZKA

Lanuzteak abiatu dituzte ArcelorMittalek Olaberrian duen plantan

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Gaurtik hasita, eta ekainaren 29ra arte, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan egingo dituzte lanuzteak, ordubete txanda bakoitzean, lan hitzarmena berriro negoziatzea eskatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Olaberriako ArcelorMittaleko langileek lanuzteak hasi dituzte gaur, lan hitzarmenaren negoziazioaren defentsan. "Enpresa zuzendaritzari itunaren negoziaketei  serio ekiteko eta enpresa-batzordearen plataformara gerturatzeko eskatzen diogu", esan du enpresa batzordeak.

Gaurtik hasita, eta ekainaren 29ra arte, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan egingo dituzte lanuzteak, ordubete txanda bakoitzean.

Batzordearen arabera, "atzo egindako asanbladan baiezko zabala jaso zuen itunaren aldeko lanuzteen egutegiak: 351 boto emailetatik, 285ek baiezkoa eman zuten, 50ek ezezkoa eta 16k boto zuria".

Besteak beste, soldata berriro negoziatzea eskatzen dute langileek. "Egun, soldaten %12a kentzen digute hilero langileoi, eta honen zati bat enpresaren emaitzen arabera berreskura dezakegu, baina kopuru hau soldataren % 2koa izaten da gutxi gorabehera", esan du batzordeak.

Enpleguarena da beste aldarrikapen nagusia. "Aparteko ordu pila egiten dugu, lantaldea mugatuta dagoelako. Hortaz, kontratazio berrien plana egitea proposatzen du batzordeak, beti ere, kontratetako langileak kontuan izanda, urtetako esperientzia eta lantegiaren ezagutza dutelako", zehaztu dute.

Albisteak (2)

Bideoak (1)