Itxi

Eolikoak

Gamesak dio “berdinen arteko akordioa” dela sinatu duten hitzarmena

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Siemensekin sinatutako akordioa 2017ko lehen hiruhilekoan itxiko dute. Hortik aurrera, ezohiko batzarra egingo dute erabakia berresteko.

Gamesa (Artxiboko irudia). Argazkia: EiTB

Ignacio Martinek, Gamesako presidenteak, adierazi duenez, “berdinen arteko akordioa” suposatzen du Siemens enpresa alemaniarrarekin sinatu duten hitzarmena. Alde horretatik, “aukeraz beteriko etapa berri baten hasiera” dela esan du Ignacio Martinek.

Gamesako presidenteak “une historiko” baten aurrean daudela ziurtatu du. Izan ere, joan den astean iragarri zuten akordioak munduko enpresa eoliko handiena sortzea ahalbidetuko die. Gainera, fusioaren ondorioz sortuko den enpresa berriak (single company) egoitza soziala Zamudion izaten jarraituko duela gaineratu du.

Era berean, hartutako erabaki horren bidez Gamesa osatzen duten akziodunei, langileei, bezeroei eta  hornitzaileei “mesede egiten” saiatuko direla esan du Ignacio Martinek.

Halaber, Gamesak ez zuela bere jarraitutasuna bermatzeko akordiorik sinatu behar izan azpimarratu du Gamesako presidenteak, bere esanetan, “ibilbide-orria” zehaztuta zutelako jada. Dena den, akordio horrekin konpainia “sendotzeko” aukera bat ikusi zutela gaineratu du Ignacio Martinek.

Horregatik, Gamesako presidenteak baieztatu du bezeroek eta hornitzaileek konpainia “sendoago” batekin lan egiteko aukera izango dutela.

Akordioaren sinadura

Ignacio Martinek iragarri duenez, akordioa 2017ko lehen hiruhilekoan itxiko dute. Hortik aurrera, ezohiko batzarra egingo dute erabaki horri babesa emateko.

Garapena

Konpainiak iaz aurkeztu zuen 2017 urtera arteko plan estrategikoa. Horren bitartez, Gamesaren “garapen iraunkorra bermatu” nahi dute, eta enpresa horren presidenteak esan duenez, aurreikusitako aurreikuspen guztiak bete dituzte.

Halaber, 2016ko lehen hiruhilekoan lortu dituzten datu oparoek euren garapena babestu dute, salmentak areagotuz, eta “helburu berriak kontuan hartzeko” aukera eman die.

Albisteak (3)

Bideoak (1)