Itxi

Erosketa

ITPn duen zatia erosiko dio Rolls-Roycek Senerri, 720 milioigatik

EITB.EUS

Leer en Castellano

Ingeniaritza enpresak motor eta turbinen fabrikatzailearen % 53,1 dauka. Operazioak ez du deslokalizaziorik ekarriko. Langile batzordeak bilera eskatu dio zuzendari exekutiboari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Rolls-Royce Erresuma Batuko ibilgailu fabrikatzaile britaniarra ITP enpresaren % 53,1en jabe izango da aurki, 720 milioi eurogatik Senerri erosita. Iragarpena gaur egin dute tartean dauden hiru konpainiek ohar baten bidez.

Adostutakoaren arabera, Rolls-Roycek bi urteko epean ordainduko dio dirutza Senerri, kopuruaren % 50 akzio bidez likidatzeko aukera duela. Operazioa 2017 hasieran ixtea aurreikusi dute, sektorearen baimenak jaso eta gero.

ITPk Zamudion (Bizkaia) du egoitza eta 3.000 langile ditu mundu guztian. Motorrak eta hegazkin osagaiak egiten ditu, eta urte luzean Rolls-Royceren hornitzaile nagusienetakoa izan da. Hala, konpainia britainiarraren baitan integratzea "denbora kontua" zela uste zuten aldeek, "prozesu natural bat", erantsi dute.

Operazioa iragartzeko oharrean nabarmendu dutenez, erosketak ez du deslokalizaziorik edota langile kopuruan aldaketarik ekarriko. Hala, ITPren egoitzak Zamudion egoten jarraituko du.

Hiru enpresek pozik hartu dute salerosketa. Jorge Sendagorta Senerreko presidentearen hitzetan, 27 urte igaro dira ingeniaritza enpresak ITP sortu zuela, baina orain Rolls-Royceri dagokio "etorkizun oparoa" eraikitzea. Senerrek "ingeniaritza eta eraikuntza alorrean hazten jarriko du arreta, ikerketa eta garapenean baliabide gehiago jarrita eta nazioartean anbizio handiko estrategia garatuta".

Warren East Rolls-Royceren CEOak ere (ingelesez Chief Executive Officer, zuzendari exekutiboa) "atseginez" hartu du berria. Haren ustez, inbertsioak bere "ahalmen aeroespaziala" handitu eta hazkunde aukera errentagarriak sortuko ditu, dena "azpiegitura, zerbitzu eta produktu bikainen bidez". Ignacio Mataix ITPren zuzendari exekutiboa "oso pozik" dago, Rolls-Royceren zati izanda, "hazkunde aukera berriak" izango dituztelako.

Batzordeak bilera eskatu du

ITPko langile batzordea osatzen duten sindikatuek (UGT, ELA eta CCOO) bilera eskatu diote enpresaren zuzendari exekutiboari akordioaren xehetasun gehiago ezagutzeko.

Hiru sindikatuetako ordezkariak gaur bertan elkartu dira ITPren zuzendaritzarekin, eta bertan eman diete albistea. Bilera horretan, batzordeko arduradunen arabera, enpresak "lasaitasun" mezua helarazi nahi izan die, enpleguari eutsiko diotelako, eta indarrean jarraituko dutelako plan estrategikoek eta kontratuek.

Sindikatuek bilera egingo dute egoera berriaren azterketa egiteko eta Mataixekin biltzea eskatu dute operazioaren xehetasunak jasotzeko. Sindikatuek esan dute "ezustekoa" izan dela akordioa, ez dutelako aukera horri aurreikusteko "mugimendurik" antzeman.

UGTk azaldu du denbora behar dutela guztia aztertzeko, baina enpresa batean "kontrola galtzen" denean, ez dela "guztiz ona" aitortu du.

na" aitortu du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)