ENPRESA OPERAZIOA
Uber enpresak Txinako bere lehiakide nagusirekin bat egin dezake
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Didi Chuxing konpainiarekin uztartzea negoziatzen ari dira Uber Txinako arduradunak. 35.000 milioi dolarreko operazioa izan daiteke.
Uber konpainia Txinako bere lehiakide nagusiarekin, Didi Chuxingekin, bat egitea aztertzen ari da. "Didi Chuxing Txinako konpainiarekin bat egiteko asmoa iragarri nahi dugu gaur", esan du Travis Kalanick Uberreko kontseilari ordezkariak, agiri baten bidez.
Negoziazioko iturriek jakitera eman dutenez, 35.000 milioi dolarreko enpresa operazioa izan daiteke.
"Ez dut zalantzarik, Uber Txina eta Didi Chuxing elkarrekin indartsuagoak izango dira", esan du Kalanickek. Horren hitzetan, bat egitearen helburu nagusia negozioa errentagarri bihurtuko duten irabazi ekonomikoak lortzea da. "Izan ere, bi konpainiek milaka milioi inbertitu dituzte Txinan, baina, oraindik, ez dute lortu errentagarriak izatea", gaineratu du.
Dena dela, Uberrek Txinan lortutako emaitzak nabarmendu ditu Kalanickek. Duela bi urte sartu ziren merkatu txinatarrean, eta hilean 150 milioi bidaia bideratzen dituztela adierazi du.
Txinako Gobernuak Uber, Didi Chuxing eta antzeko beste garraio enpresen jarduera legezkotzat jotzen duen araudia onartu eta hiru egunera etorri da albistea. Hainbat urtez, jarduera mota hori arautu gabe egon da Txinan, eta taxi enpresek mobilizazio ugari egin dituzte plataforma horien kontra.