Garoña
Auzitegi Nazionalak atzera bota du Nuclenorren helegitea
Agentziak | Erredakzioa
Garoñako zentral nuklearra behar baino lehen ixteagatik Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak (CNMC) 18,4 milioi euroko zigorra ezarri zion Nuclenorri.
2014ko uztailean 18,4 milioi euroko zigorra ezarri zion Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak (CNMC) Nuclenorri, Garoñako zentral nuklearra behar baino lehen ixteagatik. Isunaren aurrean, helegitea aurkeztu zuen Nuclenorrek (Iberdrolak eta Endesak erdibana duten enpresa), baina Auzitegi Nazionalak atzera bota du helegite hori.
Erakunde arautzaileak ohar baten bidez jakitera eman zuenez, Nucleorrek arau-hauste larria egin zuen, “energia elektrikoaren ekoizpen edo hornidura gaitasuna dagokion baimenik gabe murriztu” baitzuen.
Hasiera batean 2013ko uztailaren 6rako aurreikusi zuten Garoñako zentral nuklearraren itxiera, horixe izan baitzen Espainiako Gobernuak eman zuen data. Hala ere, Nuclenorrek 2012ko abenduan erabaki zuen Garoñaren esplotazioa gelditzea, hau da, baimendutakoa baino sei hilabete lehenago.
Ildo horretatik, 2014an CNMC erakunde arautzaileak zabaldu zuen prentsa-agiri horretan Nuclenorrek “segurtasun edo arrazoi teknikorik gabe” Garoña itxi zuela zioen. “Zentral nuklearraren ustiaketa arautzen zuen baimena oraindik ere indarrean zegoenean”, gaineratu zuen.
Zentral nuklearraren ardura zuen enpresak Auzitegi Nazionalean jarritako helegite horretan azaldu zuenez, Garoña ixteko erabakia administrazio-kontseiluak hartu zuen, “jarduera nuklearraren inguruan ezarri ziren baldintza berrien ondorioz” (energia-fiskalitatean egindako aldaketak).
Bestalde, Nuclenorrek argudiatu zuen arazoa (sektoreko araudiaren inguruan) aitzakia besterik ez zela esan du Auzitegi Nazionalak, haren esanetan, “sektore elektrikoari buruzko legean zentral nuklearraren betebeharrak arautzen baitira”.
Gauzak horrela, “Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak egin zuen txostenarekin bat egiten du auzitegi honek”, esan du Auzitegi Nazionalak.
Auzitegi Nazionalak azpimarratu duenez, Nuclenorrek 2012ko abenduaren 28an iragarri zion Ministerioari Garoñaren itxiera, zentral nuklearra geldiarazi eta hamalau egunera.