Kupoa
Azpiazuk eta Montorok akordioa bilatzeko prest daudela adierazi dute
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, 2016-2019 urte bitarterako defizit muga adostu dute. Aurten, 0,7ko muga izango du Euskadik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroarekin bildu da astelehen honetan, abenduak 5, Madrilen. Bilera horretan gai ekonomikoetan akordioak bilatzeko prest daudela adierazi dute, eta 2016-2019 urte bitarterako defizit muga ezarri dute. Halaber, Kupoaren inguruan sortutako desadostasunak konpontzeko prest agertu dira eta Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruz hitz egin dute.
Ildo horretatik, etorkizunari begira bi aldeak (Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza) gai ekonomikoetan akordioak bilatzeko prest daudela adierazi du Azpiazuk, baina ez du zehaztu EAJk 2017ko aurrekontuak onartuko dituen.
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak jakinarazi duenez, bi aldeek akordioak bilatzeko jarrera baikorra izan dute bileran, besteak beste, aspalditik ezagutzen dutelako.
Bi orduko bileraren ostean eginiko agerraldian, Ogasun ministroarekin ez duela 2017ko aurrekontuei buruz hitz egin azpimarratu du Azpiazuk. EAJren babesa funtsezkoa izan liteke Espainiako Gobernuaren proposamen onartzeko.
Beste gai ekonomiko batzuetan (defizita, Kupoa eta AHT) ere akordioak lortzeko bidean daudela nabarmendu du Azpiazuk.
Beste alde batetik, 2016-2019 urte bitarterako defizit muga ezarri dutela iragarri du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak. Hala, aurtengo defizit muga % 0,7an ezartzea adostu dutela esan du Azpiazuk. 2017an, % 0,6an finkatu dute muga; 2018an, % 0,3; eta 2019an % 0,0an.
Horrez gain, Kontzertu Ekonomikoaz eta azken urteotan Euskadik Espainiako Estatuari ordaindutakoaz ere hitz egin dute. Aizpuruak ez du daturik eman, baina azken urteotan 1.600 milioi euro gehiago ordaindu dizkiola ziurtatu du, eta Kupoa kalkulatzeko metodo berria eskatu dio.
Dena den, bi aldeak akordioa bilatzeko prest daudela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak.
Abiadura Handiko Trenaren inguruan ere hitz egiteko aukera izan dute bileran. Gauzak horrela, AHT-a eraikitzeko eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu dio Azpiazuk Montorori. Gainera, Estatuari ordaintzen dion diru-kopuruaren inguruan hitz egin dute.