Itxi

EUSKADIKO KUTXA

2017an Hego Euskal Herriko ekonomia % 2,3 haziko da

EITB.EUS

Leer en Castellano

Euskadiko Kutxaren txostenaren aurreikuspenak da. Horren arabera,  2017an aurtengo hazkundea jaitsi egingo da bi erkidegoetan, % 2,3raino.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2016 urte "positiboa" izan da EAEko eta Nafarroako ekonomiarentzat. Hala jaso du Euskadiko Kutxak egin berri duen txostenak. Horren arabera, % 3ko hazkundearekin itxiko du urtea EAEk eta % 2,9koarekin Foru Erkidegoak. Datorren urterako aurreikuspenak ere "onak" dira, baina hazkundeak behera egingo du, % 2,3raino, bi erkidegootan.

'2017rako Aurreikuspen Ekonomikoak' txostena aurkeztu dute, goizean, Bilbon, Xabier Egibar Euskadiko Kutxako Negozio Garapenerako zuzendariak eta Joseba Madariaga Euskadiko Kutxako Ikerketa Departamenduko buruak. Nabarmendu dutenez, ekonomiaren hazkundea moteldu bai, baina ez da etengo datorren urtean. Enpresariak baikor agertu dira, eta inbertitzeko eta kontratuak egiteko asmoa agertu dute.

"Arriskua" kanpoko eragileek ekarriko dutela esan dute, eta ez "gure ekonomiaren aldagaiek". Hala , maila politikoan zabalik dauden nazioarteko "fronteak" aipatu dituzte; Brexita, Frantziako hauteskundeak edota Donald Trumpen garaipena, tartean. Horiek EAEko eta Nafarroako ekonomian izango duten eragina aurreikustea "oso zaila" dela adierazi dute, baina zeresana emango dutela ez dute zalantzarik.

Enpresariak eta kontsumitzaileak

Enpresarien Konfiantza ere aztertu du Euskadiko Kutxak, datorren urtera begira.  Enpresarien % 71k inbertsioei eusteko asmoa agertu dute, eta % 15,3k inbertsio gehiago egitea dute helburu. % 13,3k, berriz, inbertsioak jaitsi egingo direla uste dute. Hamarretik ia zortzik enpresetako egungo langile kopuruari eusteko borondatea agertu dute, eta % 12,6k langile gehiago kontratatzea espero dute.

Bestelako ikuspegia dute kontsumitzaileek. Gehienak ezkor agertu dira, enpleguari buruzko iritziak hobera egin duen arren.

Albisteak (2)

Bideoak (1)