Itxi

Epailearen ebazpena

Kutxabankek zenbaki gorriei ezarritako komisioa kentzea berretsi dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

EKA/ACUV elkarteak jakitera eman duenez, Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi egin du ekaineko epaia; dena dela, Gorenera joko duela adierazi du Kutxabankek.

Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi egin du Kutxabankek bere bezeroei euren kontu korronteak zenbaki gorritan uztegatik edota kredituren baten ordainketan berandutzeagatik kobratzen dien komisioa ezabatzea behartzen zuen epaia.

Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak (EKA/OCUV) ohar baten bidez gaur jakitera eman duenaren arabera, Arabako Probintzia Auzitegiaren Lehen Sekzioak ontzat eman du Vitoria-Gasteizko Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak 2016ko ekainaren 17an emandako epaia. Epai horrek 30 euroko komisioa kobratzeari uztea agintzen zion Kutxabanki, bere bezero guztiei eta bere bulego guztietan.

Aipatu ebazpen horren aurka Kutxabankek aurkeztutako helegitea aurkeztu zuen Arabako Probintzia Auzitegiaren aurrean. Auzitegi horrek abenduaren 30ean emandako epaian arrazoia eman dio EKA/OCUV elkarteari. Alabaina, Kutxanbakek Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa azaldu du, Efek zabaldu duenez.

Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak Vitoria-Gasteizko Merkataritza Arloko 1. Epaitegian erreklamazio bat jarri zuen komisio horren kontra. Epaitegi horrek kreditu operazioetako eta kontu korrontetako kontratuetan "zordun jarrera edo estalgabetuen erreklamazioagatiko komisioa" (30 eurokoa) kobratzeari uztea agindu zion Kutxabanki, bere bezero guztiei eta bere bulego guztietan, bai aurrerantzean sinatuko dituen kontratuetan bai indarrean dituen kontratuetan ere.

Epai horretan finantza-erakundeari ohartarazten zitzaion 1.000 euroko isuna ordaindu beharko zuela egunero komisio hori kobratzen jarraituz gero.

EKA/OCUV elkartearen esanetan, aipatu ebazpena Espainiako Estatuan mota horretako lehendabizikoa izan zen. Gainera, orduan iragarri zuenez, eite horretako komisioak kobratzen dituzten finantza-erakunde guztiak auzitegietara eramateko asmoa dauka.

Orain epai hori berretsi egin du Arabako Probintzia Epaitegiak; alabaina, ez da indarrean jarriko, zeren Kutxabankek Gorenera jotzeko asmoa agertu baitu.

Kutxabankek dio komisio hori kobratzen duela “zerbitzu” bat eskaintzen duelako, bezeroei jakinarazten baitie zenbaki gorrietan geratu direla edota kreditua ez dutela ordaindu. Horixe da, hain zuzen ere, Espainiako Bankuak kopuru bat erreklamatzeko ezartzen duen baldintza.