Eustaten datuak
Industria ekoizpena % 2,3 hazi zen 2016an
EiTB.EUS
Hirugarren urtez jarraian egin du gora, Eustat Euskal Estatistika Institutuak egindako azterketaren arabera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) industria produkzioaren indizeak (IPI) % 2,3ko igoerarekin itxi zuen 2016a, Eustat Euskal Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. Hirugarren urtez jarraian hazi da.
Datuak sektoreka aztertuta, garraio-materialarenak izan du gorakadarik handiena (% 16,6), baina produktu informatiko eta elektronikoen (% 9,9) eta produktu farmazeutikoen (% 5,3) gorakada ere nabarmentzeko modukoak dira.
Jaitsierarik handienak, berriz, sektore hauetan izan ziren: erauzketa industriak (–% 16,8), material eta ekipo elektrikoa (–% 5,8), eta energia elektrikoa, gasa eta lurrina (–% 5,2).
Ondasunen alorrean, ekipamenduko ondasunek % 8,8ko hazkunde metatua izan zuten; kontsumo-ondasunek, % 0,9koa, eta tarteko ondasunek, % 0,9koa. Energia alorrak ere aipatzeko moduko jaitsiera izan du, % 4,3 egin baitu behera.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban % 7,8 hazi zen indizea; Gipuzkoan, % 1, eta Bizkaian, % 0,8.