Eusko Jaurlaritza
EAEko aurrekontuen proiektua 11.059 milioikoa da, % 1,2 handiagoa
Agentziak | Erredakzioa
Gizarte politikei eta enplegua sortzeari eman dio lehentasuna Urkulluren Gobernuak. Azpiazuk bilera sorta abiatuko du "babes zabalena" lortzeko asmoz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
11.059,7 milioi euro, iaz baino % 1,2 gehiago (126 milioi). Horixe da 2017rako Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) Aurrekontu Orokorren proiektuaren zenbatekoa. Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran adostu du lege proiektua, horren ondotik aurkeztu dute Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak.
Biek ala biek azpimarratu dutenez, bi ardatz nagusi dituzte kontuek: gizarte politikak sustatzea eta enplegua sortzea. Ostegunean erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean.
Aurrekontuok ekonomiaren neurrizko hazkundearen testuinguruan prestatu ditu Urkulluren Gobernuak. Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, euskal ekonomia % 2,3 haziko da 2017an, 2016an baino zortzi hamarren gutxiago. Enplegu garbia % 1,7 igoko dela aurreikusi du Pedro Azpiazuk zuzentzen duen Sailak.
Ingurumari horretan, eta gastuaren % 76 bideratuta, gizarte politikak lehenetsi ditu Jaurlaritzak, batez ere osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak indartuta.
EAEren Aurrekontu Orokorraren Lege Aurreproiektua 11.059 M/€koa da. Lehentasuna: Gizarte politikak eta enplegua bultzatzea @PedroAzpiazu
— Josu Erkoreka (@jerkoreka) 21 de febrero de 2017
Sailez sail
Osasun Sailak izan du igoerarik handiena, 3.537 milioitik gorako aurrekontuarekin; hau da, 2016an baino 116 milioi gehiagorekin. Hezkuntzak, bestalde, ia 2.663 milioi izango ditu; hau da, % 2,1eko igoera izango du 2016koarekin alderatuta.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ia 1.000 milioiko aurrekontua izango du. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarako eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarrirako 491,3 milioi, iaz baino 30,3 milioi gehiago, izango ditu Jaurlaritzak. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 27 milioirekin hornituko dituzte, 2016an baino lau milioi gehiago.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailak 1.042 milioitik gorako aurrekontua izango du (ia 29 milioiko igoera 2016koarekin alderatuta). Horren baitan, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) aldeko apustua aipatu du Azpiazuk. Izan ere, Jaurlaritzak 410 milioi euro zuzenduko ditu horretara; hau da, 23,6 milioi (% 6) gehiago izango da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
Bestalde, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ia 192 milioi izango ditu, 2016koa baino handiagoa. Merkatu librean etxebizitzarik eskuratu ezin dutenei (bereziki, gizartean bazterketa egoeran daudenei) "etxebizitza duina, egokia eta eskuragarria" lortzen laguntzeko erabiliko dute, besteak beste.
Sail guztiek izan dute hazkundea 2017ko proiektuan, batek izan ezik: Segurtasun Saila. Izan ere, 626 milioiko aurrekontua prestatu du Jaurlaritzak sail horretarako, iaz baino zortzi milioi gutxiago. Azpiazuk azaldu duenez, aurten ez dago hauteskunde gasturik.
Sail bakoitzaren gastuak 100 euroko billete batean adierazita. Irudia: Eusko Jaurlaritza
Azpiazu: "Babes zabalena lortzen saiatuko gara"
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak iragarri duenez, proiektua Legebiltzarrean erregistratzen dutenean, ostegunean, bilera sorta abiatuko dute Ganberan ordezkaritza duten alderdiekin. Proiektuak "babes zabalena" izatea da helburua. "Ikusiko dugu zer den posible", erantsi du.
Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAEk eta PSE-EEk, ez dute aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko behar beste ordezkari, eta, hala, beste talde batzuen babesa behar dute.
Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak ostiraleko osoko bilkuran iragarri zuenez, 'popularrak' prest daude negoziatzen hasteko. Azpiazuren hitzetan, ordea, oraindik ez dute PPren proposamen "ofiziala" jaso. Eskaintza "positiboa" dela azpimarratu du sailburuak, eta PPk aurrekontuak babestea "perfektua" litzatekeela gaineratu du.