2017ko kontuak
Oposizioarekin aurrekontuak negoziatzeari ekin dio Jaurlaritzak
Agentziak | Erredakzioa
EH Bildurekin izan du lehen harremana. Maddalen Iriarteren hitzetan, "zaila" izango da akordioa lortzea.
Jarrera "irekia" eta "denekin" akordioa lortzeko borondatea duela ekin dio gaur Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak 2017ko aurrekontuak negoziatzeari. Bilera erronda antolatu du oposizioko taldeekin. Hala, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin bilduko da astearte honetan, eta PPrekin, asteazkenean.
Goizean, EH Bilduren ordezkariekin bildu da Azpiazu. Ordu eta erdiko bileraren ondotik, ezkor atera da Maddalen Iriarte bozeramailea. Haren ustez, "zaila" izango da koalizio abertzaleak aurrekontuak babestea.
Arratsaldean (16:30) jarraituko du bilera sortak, Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin.
Jaurlaritzako iturrien arabera, taldeek dituzten "proposamenak entzutea" da bileron helburua. Izan ere, Lakuako Gobernuaren borondatea horixe da: "Denei entzutea eta proiektua ahalbideratzen duen horrekin batera aurrera ateratzea".
Horren ildotik, jarrera "irekia" izango dutela azpimarratu dute, aurrekontuak onartzea baita "lehentasunezko helburua".
Koalizio gobernua dute EAJk eta PSE-EEk, baina bi indarrak gehiengo osoa edukitzeko eserleku baten faltan daude, eta, beraz, gutxienez oposizioko taldeetako legebiltzarkide baten babesa edo abstentzioa behar dute.
Oposizioaren jarrera
EH Bilduk aurreratu duenez, bi izango dira negoziazioaren zutabeak: zerga erreformaren beharra eta, gastuen atalean, lehentasun osoa politika sozialei ematea.
Koalizioa bere "erosotasun eremutik" ateratzeko prest dago, baina gauza bera eskatu dio Gobernuari.
Kritikoago azaldu da Elkarrekin Podemos. Ez zaio aurrekontu proiektua gustatzen, eta hala, eskakizun maila "oso handia" izango du.
Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidentearen iritzian, aurrekontuak, dauden horretan, ez dira onargarriak. Halaber, elkarrizketarako borondatea erakutsi arren, ez direla "itsu-itsuan" ibiliko ohartarazi du Alonsok.
Apirilaren 11ko astea, eztabaida eta bozketa
Proiektuari zuzenketak aurkezteko azken eguna martxoaren 23a izango da, eta osoko zuzenketarik aurkeztuko balitz, martxoaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatuko lukete.
Batzordean eztabaidatuko dute proiektua martxoaren 3an eta 4an, eta eztabaida eta bozketa egin beharko dute astebete geroago, apirilaren 11n.