EAE
Greba eguna, berriro, hezkuntza publikoko murrizketen aurka
agentziak | erredakzioa
Sindikatuek martxoan egin zuten lehenengo lanuztea, maiatzaren 16an errepikatu zuten, eta iragan larunbatean manifestazioak egin zituzten EAEko hiriburuetan.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek greba eguna antolatu dute astearte honetarako hezkuntza publiko ez unibertsitarioan, eta EAEko eskoletako 250.000 ikasleri eta 30.000 langileri eragingo die.
Euskal hezkuntza publikoko irakasleen lan-baldintzetan azken urteotan izan diren murrizketak salatuko dituzte greba egun honetan ere.
Sindikatuek martxoan egin zuten lehenengo lanuztea, maiatzaren 16an errepikatu zuten, eta iragan larunbatean manifestazioak egin dituzte EAEko hiriburuetan murrizketen aurka. Irakasleak ez ezik, irakasle laguntzaileak eta garbitzaile eta sukaldeko langileak ere daude deituta protestetan parte hartzera.
Europar Batasuneko batezbestekoetara iristeko, inbertsioak handitzea aldarrikatzen dute sindikatuek: ikasgelako ikasle kopurua % 10 murriztea; 2.000 irakasle gehiago kontratatzea, eta LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea.
Behin-behinekotasuna murriztea, bajak lehenengo egunetik ordezkatzea eta hezkuntza alorreko langileek erosteko ahalmena berreskuratzea ere eskatzen dute.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek duela astebeterako deitu zuten grebak (CCOOk ere bat egin zuen horiekin) % 80ko jarraipena izan zuen, sindikatuen arabera, eta % 50ekoa, Jaurlaritzaren esanetan.