Hegaldi gehiago
Vuelingek egunean 8 hegaldi eskainiko ditu Bilbotik Bartzelonara, neguan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Udako denboraldiari begira, berriz, hegaldi merkeak eskaintzen dituen konpainiak bederatzi hegaldi eskainiko ditu egunean Loiutik Bartzelonara.
2017ko urritik hasita, egunean zortzi hegaldi izango dira Bilbotik Bartzelonako El Prat aireportura, Vueling hegazkin konpainiaren eskutik. Aurreko neguan izandakoekin alderatuta, hiru gehiago izango dira.
David Garcia Blancas Vuelingeko zuzendari komertzialak hegaldi merkeak eskaintzen dituen konpainiak neguko denboraldiari begira dituen asmoen berri eman du gaur Bilbon. Neguko denboraldia urriaren 30ean hasiko da.
Bilboko aireportutik bidaiari gehien mugitzen duen konpainia da Vueling —650.000 bidaiari 2017ko urtarriletik ekainera—, eta datorren udazken-negutik aurrera 16 ibilbide eskainiko ditu.
Vuelingek Loiun egindako apustu nagusia Bartzelonakoa da, eta horri eutsiko dio. Datorren neguan, egunean zortzi hegaldi eskainiko ditu, eta udako denboraldiari begira, berriz, egunean bederatzi —iaz egunean sei eskaini zituen—. Gainera, hegaldi batzuk egiteko, hegazkin handiagoa jarriko du, 220 bidaiari hartzeko ahalmena duena.
Orotara, datorren negutik aurrera 16 ibilbide eskainiko ditu Vuelingek Loiutik. Aurtengo berritasunetako bat Granada izango da; izan ere, 2017ko abendutik hasita, astean hiru hegaldi eskainiko ditu Loiuko aireportutik Granadara: astelehen, asteazken eta ostiraletan.
Neguko 16 ibilbide horien artean, Loiu eta Kanaria Handia astean bost aldiz lotuko dituena ere nabarmendu daiteke.
Bestalde, 2018. urteari begira, Loiu eta Erroma arteko hegaldiak ugaritzea aztertzen ari da Vueling. Orain, astean bi hegaldi eskaintzen ditu.