Itxi

350 behargin ditu

Edesa Industrialeko langileen batzarra gaur, aurrekonkurtsora jo ostean

Euskadi Irratia

Leer en Castellano

Asteburuan ezagutu da egoera berria, baina ez langileek ezta erakundeek ez zuten enpresaren erabaki horren berri izan. Antza, enpresak 100 milioiko zorra du.

Edesako langileen elkarretaratzea, 2014an. Argazkia: EFE

Edesa Industrial Fagorren etxetresnak egiten dituen enpresetako langileek batzarra egingo dute gaur, astelehena, asteburuan enpresak aurre-konkurtsora jo duela ezagutu ondoren.

Asteburuan zabaldu da enpresak hartzekodunen aurre-konkurtsora jotzea eskatu duela. Alabaina, ez langileen ordezkariek, ezta erakundeek ere, ez zuten erabaki honen berri.

Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburua gaur bertan izango da harremanetan, enpresako arduradunekin, egoeraren berri jasotzeko, Euskadi Irratiak zabaldu duenez.

Enpresak, antza denez, 100 milioi euroko zorra du, eta zailtasunak omen ditu zorrari aurre egiteko eta, lehiaketaren bidez, zorra negoziatu nahi du hartzekodunekin.

Hartzekodunen aurre-konkurtsoari helduta, lau hilabeteko epea luke Edesa Industrial enpresak zorra birnegoziatzeko. Horregatik jo omen du Donostiako Merkataritza Auzitegira.

Fagor Etxetresnak Kooperatibak porrot egin zuenean, 2014an, CNA kataluniarrak erosi zuen, eta Edesa Industrial enpresa izenarekin jarraitu zion jardunari. Merkatuan Fagor marka mantendu zuten, baina ez dauka inolako loturarik Fagorreko gainerako enpresekin.

2014az geroztik, salmentak igo dira, baina ez antza ekoizpen kostuei aurre egin eta zorra kitatzeko adinako neurrian.

350 langile inguru ditu Edesa Industrialek Arrasate, Eskoriatza eta Basauriko lantegietan.

Albisteak (2)