Etxetresnak
CNA bideragarritasun egitasmoa lantzen ari da Edesarentzat
agentziak | erredakzioa
Langileen ordezkariek Fagor CNAren jarduteko modua "onartezina" dela salatu eta bideragarritasun plana "ezkutuan" egin ez dezala exijitu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
CNA taldeak esan du Edesa Industrialek "jarraitzearen aldeko apustua" egiten duela eta bideragarritasun egitasmo bat lantzen ari dela zorra birfinantzatzeko eta "egitura gastuak murrizteko".
Horren harira, azaldu duenez, "negozio plan berria Fagor markan oinarritzen da bereziki, nazio eta nazioarte mailako salmentan, I+G+B-n, eta ekonomikoki eraginkorra eta iraunkorra den ekoizpenean".
Talde kataluniarrak, 2014an Fagor Etxetresnen ekoizpen aktiboak eskuratu zituenak, baieztatu du ekainaren 30ean Edesa Industrialen aurrekonkurtsoa aurkeztu zuela. CNAk esan du ekoizpen unitatea eskuratu ostean, Fagor markaren Edesa Industrial etxetresna ekoizleak ikusi zuela "espero baino askoz handiagoa zela oreka mantentzeko beharrezko inbertsioa".
"Ekoizpen eta egitura kostuak oso handiak dira. Oreka lortzeko salmenta bolumen handia beharko litzateke, eta zaila da epe laburrean", adierazi du taldeak, hasieran pentsatutakoa baino 20 milioi euro gehiago inbertitu dituela jakinarazi aurretik.
CNAk denbora irabazi nahi du aurrekonkurtsoarekin, negozioa eta enpresa bera "berregituratzeko", eta horretarako akordio berriak lortu nahi ditu finantza erakundeekin.
CNAk Edesaren jarraipena bilatzen omen du, "markaren indarrean konfiantza" duelako.
Langileek informazioa eta plan bat eskatu dute
Bestalde, Edesa Industrialeko langileen ordezkariek Fagor CNAren jarduteko modua "onartezina" dela salatu dute eta bideragarritasun plana "ezkutuan" ez egiteko exijitu dute.
"Langabezia lan-erregulazio espediente batekin xahutzen ari gara, enpresaren proiektua zein den jakin gabe", kritikatu dute.
Hortaz, "zuhur" egongo direla azpimarratu dute, langileen eskubideak eta enpresarekin egindako akordioak betetzen direla bermatzeko.
Horrez gain, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzarekin behin baino gehiagotan bildu direla, "bizi dugun egoeraz ohartaraziz".
Bestalde, Eusko Jaularitzak iragarri du aste honetan batzartuko dela CNA konpainiako arduradunekin, "Edesa Industrialeko enplegua eta jarduera mantentzeko irtenbideak bilatzeko".