Itxi

Fagor

Edesa Industrialeko langileak bi orduko lanuztea egiten ari dira

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ostegun arratsalde honetan Jorge Parlade CNA taldeko buruarekin bilera egitea aurreikusi dute Edesa Industrial eta Geyser Gastech enpresa batzordeek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fagor CNA taldeko Edesa Industrial eta Geyser Gastech enpresetako langileek bi orduko lanuzteak egin dituzte Basaurin (Bizkaia), Arrasaten eta Eskoriatzan (Gipuzkoa). Hala, joan den ostiralean enpresak aurkeztutako hartzekodunen aurrekonkurtsoa salatu nahi dute beharginek.

10:00etatik 12:00ak arte egin dute greba, Edesa Industrial eta Geyser Gastech enpresa batzordeek jakitera eman dutenez. Gainera, ostegun arratsalde honetan Jorge Parlade CNA taldeko buruarekin bilera egitea aurreikusi dute.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak CNAko ordezkariekin bilduko dira aste honetan. Bertan, Edesa Industrial enpresako “lanpostuak eta jarduera mantentzeko aukera dagoen” aztertu nahi dute.

Proposamena “sinesgarria” izatea espero du Tapiak

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak azaldu duenez, CNA taldeak proposatutako plana “sinesgarria” izatea espero du. Ildo horretatik, “epe luzera begira jasangarria den jarduera bermatu ahal izatea” espero duela nabarmendu du.

Tapiaren esanetan, Edesa Industrial enpresak 100 milioi euroko fakturazioarekin hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztu ostean, ez da aldaketarik egon.

“Orain arte gertatutakoaren inguruan ematen dituzten azalpenak egokiak izatea espero dugu, eta etorkizunari begira egindako proposamena sinesgarria izatea nahi dugu. Ezin ditugu gauza asko egin une berean, hala egitea erabakitzen badugu, ondorio horiek dakartzalako”, azpimarratu du Tapiak.

Albisteak (4)

Bideoak (1)