Madril
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Kupoaren aurreakordioa sinatu dute
agentziak | erredakzioa
Sinatutakoarekin, EAErako aurrekontu egonkortasunerako helburu berriak eta Kontzertu Ekonomikoaren artikuluen aldaketak ere ezarri dituzte.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aurreakordioa sinatu dute 2017-2021eko Kupoaren Legearen inguruan, eta EAErako aurrekontu egonkortasunerako helburu berriak eta Kontzertu Ekonomikoaren artikuluen aldaketak ere ezartzeko.
Cristobal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak sinatutako aurreakordioa berretsi egingo dute datorren uztailaren 19an, Madrilen, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mixtoak egingo duen bileran.
Gero, testu hori Kongresutik pasatuko da, bertan onar dezaten.
Horixe jakinarazi dute Ogasun eta Ekonomia Saileko iturrietatik, baina Azpiazuk bihar emango omen ditu xehetasun guztiak, Bilbon egingo duen agerraldian.
Akordio horren arabera, 2017ko Kupoa 1.300 milioi eurokoa izango da, eta hori oinarri hartuta adostuko dituzte 2021 arteko kupoak.