Itxi

Venezuela

Madurok ‘bakerako mahai batean’ biltzeko deia egin dio oposizioari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

“Akordio nazionala eta Venezuelaren adiskidetzea” bilatzeko, datozen orduotan “elkarrizketarako mahaia” osatzea eskatu die Venezuelako presidenteak.

Nicolas Maduro. Artxiboko argazkia: EFE

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak “bakerako mahai batean” biltzeko proposatu dio oposizioari, igande honetan Asanblea Nazional Konstituziogileko kideak aukeratzeko hauteskundeak egin aurretik.

“Konstituzioaren alde” agertzeko eskatu dio Venezuelako buruzagiak oposizioari, eta datozen orduotan “elkarrizketarako mahaia” osatzea proposatu dio, Asanblea Nazional Konstituziogileko kideak aukeratu aurretik, “akordio nazionala eta Venezuelaren adiskidetzea bilatzeko".

“Hala izango ez balitz, bakearen inguruko elkarrizketa nazionala egitera behartuko lukeen lege bat egiteko ahalmen guztia emango nioke Konstituziogileari”, gaineratu du Madurok milaka jarraitzaileren aurrean, uztailaren 30eko hauteskundeei begira Caracas hirian egin duen itxiera ekitaldi batean.

“Venezuelako gai nagusien inguruan hitz egiteko” eta “adostasuna bilatzeko” proposatu du Madurok bilera, oposizioak Asanblea Konstituziogilearen kontra deitutako 48 orduko grebaren bigarren egunean. Oposizioaren arabera, Konstituzio berriak Venezuelan “diktadura finkatzea” ekarriko luke.

Bestalde, Venezuelako buruzagiak behin baino gehiagotan leporatu dio oposizioari ekintza “terroristak” antolatu izana Gobernuaren eta Asanblea Konstituziogilearen kontra deitutako protestetan. Manifestarien eta Poliziaren arteko liskarrak nagusi izan dira askotan, eta 104 pertsona hil dira jada.

Presidentearen arabera, ez dago bakea lortzeko beste irtenbiderik, eta ez du argitu oposizioak bilerara joatea erabakiko balu igandean Asanblea Nazional Konstituziogileko kideak aukeratzeko orduan aldaketarik egingo lukeen.

Albisteak (3)