Turismoa
Turismo ereduari buruzko eztabaida zabalik dago Donostian
EITB.EUS
Parte Zaharraren “gehiegizko esplotazioa” salatu dute bizilagunek, eta Ernaik manifestazioa deitu du. “Urrezko arrautzak erruten dituen oiloarekin” kontuz ibiltzeko eskatu du Turismo diputatuak.
Eredu turistikoari buruzko eztabaida indarra hartzen ari da Donostian, Parte Zaharreko bizilagunek “egoera jasanezina” dela salatu eta Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeak “legez kanpoko alokairuen kontra” abuztuaren 17rako manifestazioa deitu ostean. Gainera, “beste turismo eredu baten alde” agertu direnei erantzun die Denis Itxaso Gipuzkoako Turismo diputatuak, eta azken egunotan hainbat pintada agertu dira Donostiako kaleetan testu honekin: “Tourist go home” (Turistak, joan etxera).
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak manifestu bat kaleratu zuen atzo, asteazkena, Parte Zaharreko “gehiegizko esplotazioa” salatzeko. Elkarte horren esanetan, 29 lagun hartzen dituen ostatu bat dago auzoan.
“Parte Zaharrean bizitzeko eskubidearen alde” izeneko txostenean, "ingurua parke tematiko bat” bihurtzen ari dela kritikatu dute. Hala, “auzokoentzat bideratutako etxebizitzak nabarmen murriztu dira”, salatu dute, eta turismoak “aurrean harrapatzen duen guztia akabatzen du”, gaineratu dute.
Halaber, 6.000 pertsona bizi diren inguru horretan, turistentzat 1.600 ohe daudela azaldu dute. Gipuzkoako hiriburuan 81 ostatu daude turismora bideratuta, baina gehienak (62) Parte Zaharrean daude. Gainera, gaur egun 280 apartamentu turistiko daude, eta bi hotel eraikitzen ari dira inguruetan.
“Zenbat denboraz jasan ahal izango du auzo honek atsedenik hartzen ez duen erabilera hori, gizarte-kohesioa, nortasun historikoa eta kulturala, osasuna eta auzotarren bizi-kalitatea arriskuan jarri gabe?”, galdetu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.
Hala, Donostiako Parte Zaharreko bizilagunen arabera, “eraberritze neurriak lehenbailehen hartzen ez badira, laster ezinezkoa izango da auzo honetan bizitzea”.
Ernaik deitutako manifestazioa
Testuinguru horretan, Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeak turismo ereduaren kontrako manifestazioa deitu zuen ekainean abuztuaren 17rako. “Zuen turismoa, gazteon miseria” lelopean egingo dute, Donostiako Aste Nagusian.
Turismoaren gorakadaren ondorioz, “gazteen artean prekarietatea handituz” doala salatu nahi dute manifestazio horrekin.
“Udan, turismoaren denboraldi altuarekin batera, urtetik urtera are bortitzagoa den prekarietatearen denboraldi altua inauguratzen da”, kritikatu du gazte erakundeak. “Eta zer egiten dute gazteek urtaro honetan? Izozkiak txanpon batzuen truke saldu, tabernetan kontraturik gabe lan egin, museoetan epe batez azafata-lanak egin, sukaldeetan laguntzaile izan, hoteletan garbitu, dendari gisa jardun edota ezkutuko beste mila lan egin ohi dituzte. Hori guztia haien postalak eusteko. Gazteok ez dugu tokirik haien Donostia garbi, txukun eta luxuz betetako horretan, gure lan-eskua baldintza kaskarretan saltzeko besterik ez bada”.
Ernairen esanetan, “turismoaren presentzia modu basatian igo da, eta hiriaren erdigunea hartu du”. Ildo horretatik, bizilagunen beharrak “erbesteratu” egin dituztela salatu du. Ezker abertzaleko gazte antolakundearen aburuz, Donostian turistentzako “jolas-parke iraunkorra” jarri dute, “langileon bizkar gainetik egin badute ere”.
Hori salatzeko, abuztuaren 17an manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei “Donostia berri baten alde”.
Aldundiaren erantzuna
Donostiako Aste Nagusian egingo duten manifestazio horren aurrean, Denis Itxaso Gipuzkoako Turismo diputatuak akats handitzat jo du Ernairen jarrera, eta euskal erakundeek turismo eredu “jasangarri” baten alde egindako apustua nabarmendu du. Alabaina, Itxasoren aburuz, “horrek ez du esan nahi eguneko ordu jakin batzuetan eta toki zehatzetan turista asko elkartzen ez direnik”.
“Betidanik gertatu den zerbait da hori, eta baliteke azken urteotan turismoa nabarmen handitu izana”, aitortu du Itxasok. Dena dela, Gipuzkoako Foru Aldundia eredu turistiko “orekatu” baten alde dagoela berretsi du. Ildo horretatik, kostaldearen eta barnealdean artean dagoen “aldea” ezabatu eta zerbitzuen sektorean “kalitatezko” lanpostuak sortzea “horren identitatearen parte” izateko lanean jarraitzen dutela gaineratu du.
Era berean, Ernaik deitutako manifestazioa kritikatu du, eta oraindik “turismoa diru asko lortzeko bide bat dela argi ez duenik” egon daitekeela esan du. Itxasoren esanetan, turismoa “lanpostuak” sortzen dituen “lehen mailako sektore bat” da, eta “BEZa, PFEZ edota sozietateen gaineko zergen bidez dirua uzten duena”.
“Kontuz urrezko arrautzak erruten dituen oiloarekin jolastearekin. Kontuz azpiegitura jakin batzuei eraso egiten zieten berberek sektore ekonomiko batzuei eraso egitearekin”, ohartarazi du Turismo diputatuak.