POLEMIKA
Turisten aurkako ekintza 'intoleranteak' etetea eskatu du Jaurlaritzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alfredo Retortillo Turismo sailburuak xenofobotzat eta etsaikeriatzat jo ditu Donostiako zenbait kaletan agertu diren pintaketak.
Turismoaren kontrako "intolerantzia" adierazpenak berehala etetea eskatu du Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak, eta, aldi berean, erantzukizunaren eta lasaitasunaren aldeko deia egin du, mota horretako ekintzak egiten dituzten "talde zehatzen" aurrean.
Ostiral arratsaldean plazaratutako ohar baten bidez, Alfredo Retortillo Turismo sailburuak xenofobotzat eta etsaikeriatzat jo ditu Donostiako zenbait kaletan agertu diren pintaketak. Pintaketa horietan, besteak beste Tourist go home ("Turista, joan etxera") bezalako mezuak irakur daitezke.
Zentzu horretan, adierazi du pintaketa horiek ez direla "akats" edota "umekeria" bat, baizik eta "berehala eten behar den intolerantzia adierazpen onartezina".
Retortillok azpimarratu duenez, Turismoaren edota beste edozein gairen gaineko eztabaida politikoa ezin da oinarritu "gainditutzat uste ziren indarkeriazko edo kikiltzeko jardueratan".
"Mota horretako ekintzak sustengatzen dituztenek, ez dute turismo jasangarri baten inguruko eztabaida bultzatzen, baizik eta herrialdeko irudia hondatzen dute, eta Euskadin 100.000 langileri lana ematen dion sektore batik kalte egiten dio", ohartarazi du.
Turismo ereduaren aurka Ernaik datorren abuztuaren 17an Donostian antolatu duen manifestazioari buruz, honako hauxe esan du Retortillok: "Bere xede bakarra Euskadiko turismoaren gainean irudi desitxuratu bat ematea da, beste leku batzuetan gertatu den masifikazioak eragin dituen arazoak gure turismo errealitatera ekarrita".