Itxi

Zerga

Uztailera arte % 13,2 hazi da zerga-bilketa metatua Gipuzkoan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Uztailera arte izandako bilakaera positiboa nabarmendu du Gipuzkoako Ogasunak, batik bat lan atxikipenetan eta BEZaren Estatuarekiko doikuntzetan.

Errentaren aitorpena. Artxiboko argazkia: EiTB

Uztailaren 31ra arte Gipuzkoan egindako zerga-bilketa metatuaren hazkundea % 13,2koa izan da, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Horrenbestez, guztira 2.196 milioi euro bildu ditu Gipuzkoako Ogasunak. Sarrera gordinak % 6 hazi dira, eta itzulketak % 10,3 jaitsi dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Zuzeneko zergak % 8,3 handitu dira, zeharkako zergak % 4,8 eta Estatuarekiko doikuntzak % 98,5.

Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailera arte izandako “bilakaera positiboa” nabarmendu du, batik bat ondorengo alorretan: lan atxikipenak, BEZaren Estatuarekiko doikuntzak, sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala, BEZa eta Ondare Eskualdaketen gaineko zerga; eta baita ere, BEZaren, sozietateen gaineko zergaren eta PFEZaren itzulketak murriztu izanak.

PFEZari dagokionez, lan etekinen atxikipenak % 2,9 hazi dira aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 21,7 milioi euro gehiago jaso dira aurten. Itzulketak, berriz, 7,9 milioi euro murriztu dira eta sarrerak 5,6 milioi hazi dira.

Beste alde batetik, sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzial garbia 29,6 milioi euro igo da. Bariazio horrek bi osagai ditu: batetik, sarrera gordinak 12,2 milioi handitu dira; eta bestetik, itzulketak 17,4 milioi gutxitu dira.

Halaber, tabako laboreen gaineko zergaren bilketa % 5,8 gutxitu da (3,7 milioi euro gutxiago), eta hidrokarburoen gaineko zerga-bilketa ere beste horrenbeste handitu da (11,2 milioi euro gehiago).

Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzen bilketa metatua joan den urteko berarekin alderatuta 139,4 milioi euro handitu da BEZean, eta 7,7 milioi hobetu da zerga berezietan.