Itxi

Bizkaiko ontziola, konkurtsoan

Sestaoko alkatea: Nola dago Naval hartzekodunen konkurtsoan lana izanda?

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gertatutakoaren inguruan "hausnarketa sakona" egiteko eskatu du Josu Bergarak. Bestalde, Bizkaiko ahaldun nagusiak esan du "gogor" egingo duela lan Navalen alde.

Bergarak kazetarien galderei erantzun die ostegun honetan. EiTB

Naval Sestaoko ontziola hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela jakin eta biharamunean, "hausnarketa sakona" egin beharra dagoela uste du Josu Bergara Bizkaiko herri horretako alkateak. Bergarak nabarmendu du, Sestaoko alkate den aldetik, galdera bat dabilkiola buruan: "Nola liteke 100 urte baino gehiago dituen enpresa bat, profesional onak eta lan karga duen ontziola indartsua hartzekodunen konkurtsora jo behar izana? "

Bart egin ditu adierazpenok, Radio Euskadin, eta gaur ere ildo berean mintzatu da Bergara. Haren aburuz, "gogoeta sakona egin behar da egoera honetara zergatik heldu diren ulertzeko". Izan ere, gogorarazi du Naval lau ontzi egiten ari dela, eta azken bi urteetan 80 milioiko galerak izan ditu.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere bere iritzia eman du. Esan duenez, Aldundiak "gogor" egingo du lan Navalen alde, betiere bere "ahalmenen barruan". Dena dela, azpimarratu du une honetan garrantzitsuena ontziolak esku artean duen lana bukatzea dela.

Twitterren duen kontuan eskegitako mezu batean azaldu duenez, "ACBren etorkizuna defendatu nuen, eta Navalena ere defendatzen dut. Bizkaiko Foru Aldundiak gogor egingo du lan ontziolaren alde, gure ahalmenen barruan".

 

 

 

Albisteak (1)