Itxi

Ontziola, konkurtsoan

Navaleko langileak gaur bilduko dira erabakiak hartzeko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Astelehenean EAJkin eta PSE-EErekin batzartuko dira; eta ostegunean, akziodunekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Sestaoko Naval ontziolaren langileen batzordea gaur bilduko da enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu ostean eman beharreko pausoen inguruan "erabakiak" hartzeko. Akziodunen erabakiaren berri izan zutenetik, hartu-eman ugari izan dituzte beharginek eta mobilizazioak deitzeko aukera aztertzen ari dira.

Txema Belon langileen batzordeko kideak azaldu duenez, astelehenean Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearekin eta Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiarekin batzartuko dira.

Ostegunean, irailaren 7an, akziodunen batzarrarekin dute hitzordua. "Zalantzak argitu nahi ditugu, jakin nahi dugu zer egin duten egoera honetara heltzeko, eta zer egin nahi duten ontziolak beharrean jarrai dezan", adierazi du Belonek.

Konkurtso eskaera gorabehera, atzo "normaltasunez" joan ziren lanera beharginak, hitzemanda dituzten lau ontziak bukatzea baita euren helburua. Belonen esanetan, "ez dakigu zer gertatuko den ontziekin. Guk gure lana amaitu behar dugu. Kontratuak lortuta, ontziak eraikitzea da gure lana, garaiz".

"Langileok ez ditugu besteen erantzukizunak ordaindu behar"

Enpresa batzordeko kideak uste du egoera "kezkagarria" dela, konkurtso "gehienak" likidazioan amaitzen direlako.

"Jarraipen" konkurtsoa izanagatik ere, kezka azaldu du Belonek, "euskal industriako enpresa askoren porrota" suposa dezakeelako. Horren berbetan, "ez dugu ulertzen nola heldu garen egoera honetara dugun lan kargarekin. Langileok ez dugu egoera hau sortu, eta beraz, langileok ez ditugu besteen arduren ondorioak jasan behar".

Gogorarazi duenez, "lanik ez zegoenean ere, akordioekin" konpondu dituzte arazoak. "60 milioi pasatxoko superabita izatetik 150 milioi euroko galerak izatera igaro gara, oso denbora gutxian", deitoratu du.

Belonen aburuz, langileek aspaldi salatu zuten "kudeaketa negargarri" baten ondorioa da egoera. "Beste behin, zuzen ginen. Lastima, ez ziguten jaramonik egin. Orain badirudi siestatik itzartu direla", esan du.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)