Noaingo aireportua
Iruñea eta Frankfurt arteko hegaldiak abian dira
Agentziak | Erredakzioa
Astean lau hegaldi izango dira Frankfurt eta Noain aireportuen artean; astelehen, asteazken, ostiral eta igandeetan.
¿Iruñea eta Frankfurt lotuko dituzten hegaldiak izango dituzte astelehen honetatik aurrera Noaingo aireportuan.
Astean lau hegaldi izango dira Frankfurt eta Noain artean; astelehen, asteazken, ostiral eta igandeetan.
Lehena 09:45ean aterako da Frankfurtetik, eta 11:45ean helduko da Noainera. Iruñetik, berriz, 12:30ean aterako da, eta 14:40an helduko da Alemaniara.
Hegaldi horietarako txartelak salgai daude jada, 150-200 euro artean.
Aurrerantzean, beraz, Iruñetik Europako aireportu garrantzitsuenetakoa den Frankfurtera ere joateko modurik izango da.
Hegaldi berriko tripulatzaileak. Argazkia: Aritz Agirre | Euskadi Irratia
Autobus zerbitzu berria aireportura
Hegaldi horiek abiatzearekin batera, Iruñeko mankomunitateak autobus ibilbide berria jarri du martxan astelehen honetan, Renfe geltokia, autobus geltokia eta hirigunea aireportuarekin lotzeko.
Nafarroaren ekonomia eta turismoarentzat aurrera pausua
Carsten Hoffman Espainiako eta Portugalgo Lufthansa taldeko ordezkariaren hitzetan, "gelditzeko heldu gara Nafarroara".
Manu Aierdi Foru Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordearen esanetan, berriz, Nafarroaren ekonomia eta turismoarentzat aurrerapauso estrategikoa da. Izan ere, zuzeneko hegaldi horiek Nafarroako enpresen lehiakortasuna hobetuko dute, Alemania eta Europako finantzen erdigunearekin lotura zuzena eskainiz.
Era berean, turistek zuzenean Iruñera etortzeko aukera izango dute, eta iruindarrei ia mundu osorako hegaldiak hartzeko aukera erraztuko zaie Frankfurteko atea zabalduta.
Bestalde, Alberto Garcia Noaingo aireportuko zuzendariak azaldu duenez, "enpresa asko arrazoi profesionalengatik etortzen dira eta horiei eskaini nahi dizkiegu hegaldiak; hala ere, bidaiarientzat ere oso leku erakargarria izan daitekeela uste dugu".